CAFek 400 milioi eurotik gorako kontratua eskuratu du Letonian

41 tren egingo ditu, mantentze lanez arduratuko da 30 urtean eta azpiegiturak modernizatuko ditu

CAFek Letoniarako egingo dituen trenen eredu bat; elektrikoak izango dira 34 eta dieselak zazpi. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Hainbeste datu ekonomiko ezkorren artean, onak ere agertzen dira tarteka. Beasaingo CAF behin baino gehiagotan izan da haietako protagonista, eta oraingoan ere hala da. Enpresak jakinarazi duenez, kontratu handia lortu du Letonian: 400 milioi eurotik gorakoa. 41 tren egingo ditu, haien mantentze lanez arduratuko da 30 urtean eta mantentze lan horietarako azpiegiturak egin edo modernizatuko ditu.

Letoniako tren konpainia nagusiak, Pasazieru Vilciensek, eman dio kontratua CAFi. 41 trenetatik 34 elektrikoak izango dira, eta zazpi, dieselak. Herrialdeak sektorean inoiz egin duen eskaerarik handiena da, eta gobernuak azpiegiturak modernizatzeko duen planaren barruan kokatzen da. Letonian bertan egingo da ekoizpenaren zati bat, eta horretarako RVR enpresaren zerbitzuak azpikontratatuko ditu Beasaingo enpresak. «Era horretan hango industriaren garapenari eta ekonomiari lagunduko diogu».

Aldirietako eta distantzia ertaineko zerbitzua emango duteCAFen trenek. Civity motakoak dira, eta, energia kontsumoari, ingurumenaren zaintzari eta segurtasunari dagokienez, azken aurrerapen teknologikoak darabiltzate. Lehen ibilgailuak 2014 erdialdean entregatuko ditu, eta azkenak, 2015ean. Tren guztiek hiru bagoi dituzte. Elektrikoetan, 270 lagun sartzen dira eserita eta 190 zutik; dieseletan, 300 eserita eta 150 tente.

Proiektu estrategikoa dela dio enpresak, galibo errusiarrak dituzten lehen Civity trenak direlako. «Potentzialtasun handia duten merkatuak dira Errusia eta Sobietar Batasun ohiko herrialdeak. Hau lehen pausoa daCAFen trenak haietan merkaturatzeko». Hotz handiko klimetan ibiltzeko gaitasuna dute, eta 140 kilometroko abiadura hartzen dute.

Nazioarteari begira

Kontratuaren bidez nazioarteratzeko estrategiaren aldeko apustua sendotu egin duela adierazi du CAFek, batez ere Europako merkatukoa. Gaur egun, hainbat eta hainbat kontratu ditu kontinente zaharrean. Stockholm, Belgrad, Naoned, Besançon, Debrecen eta eta Birmingham hirietarako tranbiak egiten ari da; metrorako trenak Erroma, Brusela, Istanbul eta Bucaresterako; aldirietakoak Montenegrorako; eta joan den urtean,Alemaniako merkaturako hornitzaile homologatua izatea lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.