Lan zorroa handitzen jarraitzen du Beasaingo konpainia trengileak. CAF Power & Automation filialak 50 milioi euroko kontratua sinatu berri du PT INKA konpainiarekin, bere gain hartzeko Jakartan martxan jarriko dituen 31 metrotan instalatuko diren trenbide kontroletako eta trakzioko sistemen hornidura. PT Industri Kereta Api (PT INKA) enpresa Asia ekialdeko enpresa nagusietako bat da, 4.000 langile inguru dituena eta sektorean ibilbide luzea daukana.
Iosu Ibarbia enpresako zuzendari nagusiak ez du baztertzen Indonesiako proiektu honi esker euskal enpresak kontratu berriak eskuratzea Asia Hego-ekialdean. CAFek hornituko dituen ekipamendu guztiak Indonesiako hiriburuko metropoli eremuan erabiliko dituzte: Jakarta, Bogor, Depok, Bekasi linean.
CAFeko zuzendaritzak nabarmendu duenez, azken kontratuaren bidez CAF Power &Automationek "bere gaitasuna indartuko du Asian, balio handiko merkatuan". Gipuzkoako enpresa handienak dagoeneko trakzio eta energia metaketa sistemak integratuta dauzka China Mainland eta Taiwaneko trenbide ibilgailuetan.
31 metroetako unitate bakoitzak sei bagoi izango ditu. Guztira bidaiarientzako 186 bagoi izango dira, 80 kilometro ordura arteko aldirietako zerbitzua eskainiko dutenak, eta gidaririk gabe, modu automatikoan ibiltzeko prestatuta egongo direnak.
Filial teknologikoaren zorroa
Konpainiak azaldu duenez, kontratu berriak, COSMOS kontrol sistemaren diseinuaz eta fabrikazioaz gain, trakzio kate osoa hartzen du barne, "teknologia aurreratuenarekin diseinatu diren POWER DC 750V bihugailuekin, operazioko kontsumoak nahiz mantentze kostuak minimizatzen laguntzeko". Halaber, CAFen MiiRA filialak ibilgailu berrien trakzioko kateko ardatzak, gurpilak eta erreduktoreak hornituko ditu.
Indonesiako proiektu hau du orain arteko azkena, baina aurretik ere hainbat kontratu dauzka eskuartean CAF Power & Automationek: hala nola, Napoliko Amsterdamgo, Quitoko eta Bruselako metroak; Luxenburgoko, Friburgoko eta Newcastleko tranbiak; eta Italia, Belgika eta Indiako lokomotoretarako unitateak.
CAF Power & Automation CAF Taldeko filial teknologikoa da; trakzioko, komunikazio eta kontroleko, eta ontziratutako energia metaketako irtenbideak garatzen ditu. Dagoeneko 32 herrialdetan ezarri du bere teknologia. Filialak 270 langile baino gehiagoko lantaldea dauka Donostiako, Irurako (Gipuzkoa) eta Madrilgo egoitzetan banatuta, Indiako eta Ameriketako Estatu Batuetako bulego komertzialez gain.