Enpresak

CAFek 70 milioi euroren kontratuak egin ditu Europan, Solarisen bidez

Estonian, Polonian, Norvegian, Hungarian eta Errumanian itxi ditu isuririk gabeko autobusen eskaerak

Autobusak egiten, Solarisen fabrikan. URLICH MAZIEJ
xabier martin
2019ko abenduaren 11
12:09
Entzun

Beasaingo konpainiaren Solaris adarrak ekarpen garrantzitsua egiten jarraitzen du, eta urte amaiera bikaina izan du, CAFek jakinarazi duenez. Azken egunetan bost kontratu egin ditu Europako bost herrialdetan, eta haien balioa 70 milioi eurorena da. Estoniako hiriburura gas naturaleko ehun autobus bidaliko ditu Tallina Linnatranspordi konpainiarentzat. Tallindik jasotako eskaera 27 milioi eurokoa da.

Aurreko urtean, CAFek Solaris konpainia erosi zuen Polonian, eta aurten herrialde horretatik bertatik jaso du eskaera handi bat. Lublin hiriko garraio publikoaren arduradunak hogei autobus elektriko eskatu dizkio CAFen adarrari, eta beste hamabost trolebus. 25 milioi euro baino gehiagoko kontratua da hori. 2020. eta 2021. urtean entregatu beharko ditu ibilgailuak.

Autobus elektrikoen liderretako bat da Solsaris, eta jakinarazi du dagoeneko 118 autobus elektriko entregatu dituela Poloniako hamasei hiritan ibiltzeko. Haiei gehitu behar zaizkie aurten egindako kontratuak, Varsovian (130 autobus), Poznanen (21) eta Lublinen (35).

Ekialdetik harago

Ekialdetik harago, Europako merkatu zailenetakoetan ere ari da saltzen autobusak CAFen enpresa; esaterako, estreinakoz lortu du ibilgailuak saltzea Norvegian. Bergen hiriko Keolis Norge operadoreak hamar trolebus erosi dizkio, isuririk gabeak. Zortzi milioi euroren kontratua da Norvegian egindako hori. Trolebus horiek bateriekin ariko dira, katenariarik gabe.

Halaber, Hungarian beste bost autobus elektriko jarriko ditu martxan, Paks hirian. Kargatzeko azpiegitura ere hornituko du han, eta, azkenik, Errumaniatik hamaika autobus hibrido eskatu diote Solarisi, Satu Mare hiritik. Gainera, baliteke eskaera hori gehiago handitzea datozen bi urteetan, eta beste sei autobus eskatzea.

Emaitzak

Solarisen urte bukaera bikainak bat egin du CAFek berak izan duen urte biribilarekin. Brasildik etorri da orban bakarra, baina ez da nolanahikoa. CADE lehiaren agintaritzak hartutako erabaki batek CAF konpainiaren 2019ko emaitzak zapuztu zituen bigarren hiruhilekoan, eta urte osokoak zamatuko dituela argi geratu da hirugarrenean. Izan ere, Beasaingo (Gipuzkoa) trengileak 39 milioi euroko hornidura berezia egin behar izan zuen uda hasieran, lehia agintaritza horrek beste hainbesteko zigorra ezarri diolako kartel bat osatu duelakoan Alstomekin, Bombardierrekin eta beste hainbatekin batera.

Hala ere, CAFek helegitea jarri du, eta ikusteko dago zertan geratuko den auzia azkenean. Oraingoz, 39 milioi euroren mozkinak islatu behar zituen CAFek urteko hirugarren hiruhilekoan, %30eko hazkundearekin, baina 500.000 eurorenak idatzi behar izan ditu, bi digituko hazkundea behar zuena ezerezean utzita. Bigarren hiruhilekoaren zenbaki gorriak beltzez margotu ditu, dena den, autobus negozioaren ekarpenak bultzaturik.

Edonola ere, Gipuzkoako enpresarik handienak ia 3.000 milioi euroren kontratazioak egin ditu irailera arte nazioarteko merkatuetan; erakusle horrek ere garbi utzi du zer-nolako aro emankorrean dagoen. Eta CAFen altxor preziatuenak balioa galdu gabe jarraitzen du: eskaera poltsa 9.111 milioi eurokoa zen irailaren 30ean, eta inoizko marka hoberena ezarri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.