Enpresak

CAFek 70 tren hornituko dizkio Erresuma Batuko KeolisAmey enpresari

Bi bagoiko 44 tren eta hiru bagoiko 26 salduko ditu. Eskualdeko eta aldirietako zerbitzua eskaintzeko diesel trenak dira hornituko dituenak. Galesko Newporten duen lantegian egingo ditu azken muntaketa lanak.

2018ko ekainaren 8a
13:43
Entzun

CAFek 70 tren diesel hornituko dizkio Erresuma Batuko Wales and Borders frankiziari. Zerbitzuaren esleipena eskuratu duen KeolisAmey enpresak CAF hautatu du negoziazioen azken faserako. Kontratua oraindik ez dago sinatuta, baina negoziazioak aurrera doaz.

Kontratu horrek bi bagoiko 44 trenen eta hiru bagoiko beste 26ren salerosketa aurreikusten du. Ibilgailuak 2022rako erabilgarri nahi ditu KeolisAmeyk. Beste zazpi trenez hornitzea ere aurreikusten du, 2024. urterako.

KeolisAmey enpresak tren frankizia hamabost urtez kudeatzeko esleipena eskuratu du, 2018ko urritik hasita.

CAFek Erresuma Baturako egingo dituen trenek Civity UK plataforma dute oinarri, eta eskualdeko eta aldirietako zerbitzua emateko prestatuta daude. CAFen esanetan, "puntako segurtasun teknologia dute, eta zehaztasun zorrotzenak betetzen dituzte barne diseinuari eta erabiltzailearen erosorasunari dagokionez, aire egokitua eta wifi zerbitzua barne".

Trenen azken muntaketa lanak CAFek Newporteko Celtic Business Parkean duen lantegian (Gales, Erresuma Batua) egingo dituzte. Lantegia 2018ko udazkenean erabilgarri egotea espero du enpresak. CAFen Erresuma Batuko zuzendari Richard Gardner "pozik" agertu da, eta adierazi du KeolisAmeyrekin elkarlanean aritzea espero duela "Newport eta Galesko tokiko ekonomiaren hazkundea babesteko eta tren eraldaketa" sustatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.