CAFek 83,9 milioi euro irabazi ditu urrira arte, iaz baino %8 gehiago

Eskaera kopurua handitzeko gai izan da tren konpainia, eta jada kontinente guztietan ditu kontratuak

Erredakzioa
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Onak izan dira aurtengo lehen bederatzi hilabeteak Beasaingo CAF enpresarentzat. Zergak ordaindu aurretik nahiz ordaindu eta gero, iaz baino gehiago irabazi du. Eskaera zorrora proiektu berriak batzeko ere gai izan da. Orotara, 83,9 milioi euro garbi irabazi ditu irailaren 30era arte, 2010ean baino %8 gehiago. Data horretan, 4.877 milioi euroko eskaera zorroa zuen, aurreko urtean baino %6,9 handiagoa.

Aipagarria da dagoeneko kontinente guztietatik egin dizkiotela tren eskaerak CAFi. Ozeania falta zuen, baina orain bi aste jakinarazi zuen konpainiak eskaera bat lortu zuela Zeelanda Berrian. 57 tren elektriko egingo ditu Auckland hirirako. Horrez gain, haien mantentze zerbitzuak arduratuko da hamabi urtean. 300 milioi euroko balioa du kontratua.

Zeelanda Berrikoa ez da azken asteotan iragarritako kontratu bakarra izan. Houstongo metrorako ere 39 unitate egingo ditu.113,4 milioi euro inguruko balioa du kontratu horrek —153 milioi dolar—. Ibilgailu berriak 2014 erdialderako martxan egotea espero da. Trenak ez dira Beasainen egingo, enpresak AEBetan duen lantegian baizik. Izan ere, hango legeen arabera, ezin zaizkie atzerriko enpresei eman diru publikokoarekin ordaindutako proiektuak. Herrialde horretan duen presentzia «indartzen» ari dela nabarmendu du konpainiak.

CAFek esku artean dituen proiektuak tren zerbitzu ezberdinenak dira. Aldirietako trenak ari da egiten Brasilgo Sao Paulo eta Recife hirietarako, Italiako Triesterako eta Mallorcarako. Aitzitik, metroetarako unitateak egingo ditu, Istanbul, Madril, Brusela, Caracas, Sao Paulo,Delhi eta Txileko Santiagorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.