Beasaingo tren konpainiak irabazi du tranbien merkatuan aurtengo lehiaketen artean bolumen handiena zuen kontratua. Osloko (Norvegia) hiri garraioko operadoreak, Spoveienek, CAF aukeratu du bere sareko tranbiak egiteko. 87 tranbia izango dira, baina aukera zabalik dago gero beste 60 tranbia gehiago egiteko. Sporveien eta CAF orain hasiko dira 200 milioi eurora iritsi daitekeen kontratua negoziatzen.
Urbos gamako tranbiak dira CAFek Oslorako egingo dituenak eta egun Norvegiako hiriburuko tranbia sareko sei lineatan dabiltzan tranbiak ordezkatuko dituzte. Zoru baxuko tranbiak dira Urbosak eta Oslon bakarrik ez, beste zenbait hirietan ere ibiliko dira laster, hala nola, Amsterdamen (Herbehereak), Flandrian, Luxenburgon eta Birminghamen (Erresuma Batua). Urbos gama munduko lider bihurtu da zoru baxuko tranbien merkatuan, CAFk orain gutxi irabazitako lehiaketa horiei esker.
Dagoeneko Urbos gamako tranbiak Naonedeko (Bretainia) kaleetan dabiltza eta horien antzekoak izango dira Beasaingoek Oslorako egingo dituztenak. 34 metroko luzera izango duten unitateak, seina ate bikoitzekin. CAFen arabera, tranbien diseinuak "Norvegian ohikoak diren baldintza klimatiko gogorrei aurre egiteko ezaugarri bereziak eta azken belaunaldiko sistemak izango ditu". Horrez gain, CAFek nabarmendu du Urbos tranbiak unitatearen bizitza osoan ingurumeneko inpaktua gutxitzeko diseinatuta daudela, "sorrera, fabrikazio eta energia kontsumotik hasi, eta birziklagarritasunera arte".
CAFek Norvegian lortzen duen bigarren kontratua da hau. Gaur egun, proba fasean daude Flytoget enpresak eramango dituen Oaris gamako abiadura handiko unitateak. Horiek Gardemoen aireportua eta Oslo erdigunea lotuko dituzte express zerbitzuan.
Beasaingo tren konpainiaren eskari zorroak handitzen jarraitzen du, 2018. urtearen lehen zati honetan hainbat kontratu lortuta: metro unitateak egingo ditu Napoli (Italia), Bartzelona (Katalunia) eta Amsterdamerako (Herbehereak). Tranbiak Luxenburgo, Friburgo (Alemania) eta Lunderako (Suedia) eta orain egun gutxi lortu du Galesen diesel trenak egiteko kontratua.