CAFek hazten jarraitzen du Italian itxi berri dituen bi kontratuei esker. Beasaingo enpresak lehendik ere bazuen presentzia merkatu horretan, eta aurretik zabalik zituen bi kontraturi jarraipena emateko balioko dute bi akordio berri horiek. 175 milioi euro baino gehiagoko bolumena dute bi kontratuen artean.
Gaur egun, CAF 12 metro unitate fabrikatzen ari da Napolirako, eta, orain, beste 7 eskatu ditu hango udalak. 2016. urtean adostu zuten bi enpresek lehen esparru kontratua, eta han jasota zegoen 60 milioi euroko zabalkuntza hori.
Bestalde, Solarisek —Poloniako autobus konpainia hori 2018an erosi zuen CAFek— 300 diesel autobus entregatzeko akordioa itxi du Erroman egoitza duen Cotral enpresarekin. Solarisek, 2016an, 360 autobus egitea adostu zuen Erromako konpainiarekin, eta kontratu berriak harreman horri jarraipena emango dio. Hiriarteko 300 autobusen hornikuntzaz gain, CAF taldeko enpresaren kontu egongo dira mantentze lanak hamar urtez; Beasaingo enpresak 117 milioi inguru jasoko ditu trukean.
Alberto Fiore, Solaris Italiaren zuzendari kudeatzaileak esan duenez, "dagoeneko 300.000 kilometro baino gehiago egin dituzte Erromari 2016an entregatutako Solarisen hiriarteko autobusek. Ibilgailuen fidagarritasun handia da Cotralek berriro gure InterUrbino modeloa aukeratzeko irizpideetako bat".
Kontratu horiek ez dira CAFek Italian sinatu dituen lehenengoak. Gipuzkoako konpainia Erromako metroaren hornitzaile nagusietako bat da, eta trenekin lotutako beste zenbait proiektu ere garatu ditu Triesten, Barin eta Sardinian. Errepideko ibilgailuei dagokienez, saldu berri duten InterUrbino modelo horren 400 unitate baino gehiago dabiltza dagoeneko Italiako errepideetan; bestelako modeloak gehituz gero, Solarisen 1.000 ibilgailu baino gehiago izango lirateke.