Alstomek ez du berriz negoziatuko Parisko RER B linearako aldiriko 146 tren egiteko kontratua, eta, ondorioz, ez dio trabarik jarriko CAFek eta Bombardierrek irabazitako lehiaketari. Frantziako BFM Business telebistak zabaldu duenez, Alstomek, Bombardierren jabeak, ez du helegiterik jarriko. Lehiaketa publikoaren emaitza aurtengo otsailean jakinarazi zen, eta, Alstomen ustez, 2.560 milioi euroko eskaintza irabazlea merkatu preziotik behera zegoen. Kontua da CAFek eta Bombardier Kanadako etxeak eskaintza bateratua egin zutenean Alstom oraindik ez zela Bombardierren jabea, eta esleipen prozesua egin bitartean erosi zuela. Baieztatzen bada, albiste bikaina izango da CAFentzat, ziurgabetasun egoera uxatu ahal izango duelako.
Albistearen iturriaren arabera, Valerie Pecresse Ile de Franceko presidentearen esku hartzea erabakigarria izan da korapiloa askatzeko. Auziarekiko jarrera aldatu ezean Alstomek ondorio ekonomikoak jasan zitzakeela jakinarazi zien enpresako buruei. Ez zen nolanahiko mehatxua, Alstomen enkarguen %25 RATPk (Parisko garraio publikoaren kudeatzaileak) eta SNCFk egiten dituztelako. Dena den, litekeena da trenak egin ahala prezioan aldaketak txikiak egotea. Ohikoa da halako enkargu handietan.