Deskarbonizazioaren bidean, ibilgailuentzako erregai gisa hidrogenoa erabiltzearen apustua gero eta indar gehiago hartzen ari da Europako zenbait herrialdetan, hala nola Alemanian eta Herbehereetan. Eta hain zuzen, bi herrialde horietarako autobusak egingo ditu Solarisek, CAF taldearen autobusen alorrak. Orotara 25 milioi euroren zenbatekora iristen dira Beasaingo konpainiak gaur jakinarazi dituen kontratuak.
Alemaniako Wuppertal eta Kolonia hirietara joango dira hidrogenoz elikatzen diren autobus horietako 25. Hamar autobus Wupertalgo WSW Mobil GmbH enpresak erosi ditu, eta beste hamabostak RVK Kolnek errepideratuko ditu Koloniako bere lineetan.
Lehen ibilgailuak aurten bertan hasiko dira entregatzen, eta gainerakoak 2021. urtean banatuko dituzte. Autobus guztiak Solaris Urbino 12ak izango dira, zeintzuek 70 kWeko potentziako erregai gelaxkak erabiltzen dituzten. Teknologia horri esker, karga bakarrekin 350 kilometrorainoko distantzia egiteko gai dira autobusak.
Hidrogenozko erregaiaren gelaxkan energia elektrikoa sortzen da, eta hori, berehala, transmisio lineara transferitzen da. Beroa eta lurruna dira prozesuan erabiltzen diren elementu bakarrak, eta, hala, ibilgailuek ez dute ingurumenerako substantzia kaltegarririk sortzen.
Beste hogei Herbehereetara
Hego Holandako probintziara joango dira Solarisek egindako beste hogei Urbino 12 autobusak. Connexxion operadoreak erosi ditu, eta, CAFek azpimarratu duenez, Connexxion hori Transdev Netherlans taldearen filialetako bat da. Transdev isurpenik gabeko garraio publikoan liderra eta operadore handienetakoa dela azaldu du CAFek, Hego Holandarako autobusak 2021. urte amaieran entregatuko dituzte, eta Solarisek hamabi urtez beteko du haien zerbitzua.