Azken sei urteetan, %60 hazi datren erabiltzaileen kopurua Irlandako iparraldean. Gustura dago Gobernua izandako emaitzarekin, helburuak espero baino lau urte lehenago bete dituztelako. Eta aurrerantzean ere garraio publikoaren aldeko apustua egin nahi duela adierazi du Translick garapen sailak. Hori dela eta, hogei tren berri egiteko eskatu dio Beasaingo (Gipuzkoa) CAF enpresari.
Lehendik zeuden hamahiru ordezkatuko dituzte hogei tren horiek, eta 2005ean CAFek berak egindako beste 23rekin ibiliko dira. Orduan egindakoak C3K motako trenak dira; oraingoak, C4K erakoak. 2011rako prest egongo direla pentsatzen du CAFek, eta urte horren amaieran hasiko dira martxan jartzen. Kontratuko azken trena 2013an hasiko da zerbitzua ematen.
Puntako teknologia
Tren berriek 209 eserleku izango dituzte, horietako 36 lehen klasekoak. Halaber, automatikoki irekitzen diren ateak izango dituzte, eta aire egokitua, moketadun lurra, igotako maletategiak, pixoihalak aldatzeko tokia, kabinetan diseinu ergonomikoa eta beirazko leiho tindatuak.
Tren guztietan informazioa brailez jasotzeko aukera egongo da, eta gurpil aulkietan igotzeko sarrera ere izango dute, baita haientzat leku propioa ere. Era berean, gurpil aulkietan dabiltzanentzat oztoporik ez duten komunak izango dituzte trenek, eta lau txirringarentzat lekua.
Atzo sinatu zuten kontratua CAFek eta Translickek. «Oso gustura gaude esleitze honekin», adierazi zuen Jose Maria Baztarrika tren Beasaingo enpresako presidenteak. «Translikekin kolaborazio estua izango dugu prestazio, erosotasun eta segurtasun handieneko diesel trenak egiteko teknologiarik aurreratuena erabiliz».
Ondo doazkio gauzak CAFi azkenaldian. Irlandako iparraldean ez ezik, mundu osoko hainbat eta hainbat herrialdetan kontratu garrantzitsuak egin ditu. Zergak ordaindu ostean, 105,7 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen iaz, 2007an baino %21 handiagoak.
CAFek Irlanda iparralderako hogei tren egiteko kontratua lortu du
C4K motako trenak izango dira, eta kalkulatzen du 2011rako prest egongo direla aurrenekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu