Enpresak

CAFek Italiako Rifer SLR konpainia erosi du

Muntaketa ardatzen mantentze lanetako zerbitzuen negozioan indartuko da Beasaingo enpresa.

CAFek Triesteko aldirietarako egindako trena. CAF
Jon Fernandez.
2017ko uztailaren 19a
08:36
Entzun

Dibertsifikazioan eta hedapenean buru-belarri murgilduta dago Gipuzkoako konpainia trengilea: joan den astean iragarri zuen Galesen 300 langileko tren fabrika bat irekiko duela, eta BWB Consulting ingeniaritza arloko aholkularitza enpresa bereganatu duela, Erresuma Batuko merkatuan indartzeko; gaur, halaber, azaldu du Italian Rifer SLR enpresa erosi duela, muntatutako ardatzen eta bagoien mantentze lanak egiten dituena.

Erosketa CAF Miirak egin du —ez dute jakinarazi prezioa—, tren ibilgailu ororentzako gurpilen, ardatzen, erreduzitzaileen, muntatutako ardatz osoen eta loturen diseinua eta fabrikazioa egiten duen CAFeko negozio unitateak. Erosketa "aurrerapausotzat" jo du konpainiak, eta gaineratu du bi helburu lortzeko balioko diola: batetik, Miirak muntatutako ardatzen mantentze lanetako zerbitzuen negozioan daukan kokapena indartuko duelako; eta, bestetik, aukera eskaintzen duelako lortutako beste zerbitzu batzuk eskaintzeko eta ordezkoen salmenta bolumena handitzeko —batez ere gurpilak—.

Rifer enpresaren kokapena estrategikoa dela azpimarratu du CAFek. Milanen dago, Suitzako mugatik oso gertu, eta garraio intermodaleko eta trenbideen nodo handi batean. "Kokapen horrek CAF Miirari Erdialdeko Europako herrialde ugaritara zerbitzuak eta produktuak eskaintzea ahalbidetuko dio". Italiako enpresa horrek 60tik gora langile ditu, eta urtean 10 milioi euro inguruko fakturazioa izan du azken urteetan.

Eragiketa horri esker, CAFek azaldu du nazioartean muntatutako ardatzen mantentze lan zerbitzu integralak eskaintzeko negozioan "nabarmen" sartuko dela.

CAFen zenbakiak

Iaz, inoizko eskaera poltsarik handiena lortu zuen CAFek (6.228 milioi euro), eta, 2017an, "bi digituko hazkundea" izaten ari dira salmentetan eta ustiaketaren emaitzan. Aurtengo lehen sei hilabeteetan, %8 igo ditu mozkinak, 9,2 milioi euroraino; baina, Andres Arizkorreta presidenteak ekainean iragarritakoaren arabera, mozkinak %10etik gorakoak dira dagoeneko. Datu onak dira Gipuzkoako enpresa handienarentzat, 2016an mozkinek oraindik ere ez baitzioten utzi txikitzeko joerari, eskari poltsa inoizko handiena izanda ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.