Beasaingo tren egileak jakinarazi du Bostongo hedabideen bitartez jakin duela berria.
Lehen bagoiak 2017. urtearen amaieran entregatuko ditu CAFek. Bostongo metroaren Green Line lerroan ibiliko dira. Pentsatzekoa denez, trenak CAFek AEBetan bertan duen lantegian egingo dituzte, New Yorkeko Elmira hirian.
CAFen irabaziak jaitsi egin dira azken bi urteotan, austeritate politikak inbertsio batzuk geratu dituelako eta lehiakide indartsuak dituelako. Edonola ere. iaz 91 milioi euroren irabazi garbia izan zuen, 2012an baino bederatzi milioi gutxiago (-%8,4). Negozio kopuruak ere beherantz egin du: 1.535 milioi fakturatu zituen, 2012an baino %10 gutxiago. Edonola ere, artean eskari zorro handia du CAFek (4.802,9 milioi eurokoa), baina 2012koa baino pixka bat txikiagoa da (4.941,4 milioi).
Joan den martxoan beste kontratu bat sinatu zuen CAFek, Budapesteko metrorako gutxienez 37 tranbia egiteko . Baliteke 87 ibilgailu gehiago ere egin behar izatea guztira. Oraingoz 90 milioi euroren diru sarrerak bermatu ditu horrela.
Aurten ere Saud Arabiako SAR konpainiarekin (Saudi Railway Company) duen kontratua zabaldu du CAFek. Hori dela eta, beste hiru tren-makina eta 17 bagoi egingo ditu konpainia horrentzat, eta 2015ean da entregatzekoa lehenbiziko unitateak. Berrogei bat milioi eurokoa da kontratu-handitzea.
2013 amaieran Kansas hirirako lau tranbia egiteko kontratua lortu zuen CAFek. Erroma, Medellin (Kolonbia) eta Tallinerako (Estonia) lanak ere ditu esku artean.