Gipuzkoako enpresa handienak emaitza kaskarrak eman ditu ezagutzera urteko lehen sehilekoan. Iazko epe berarekin alderatuta %26 txikitu ditu irabazi garbiak 32,7 milioi euro arte. Zergen igoerarekin lotu du jaitsiera CAFen, baina Brasilgo erralaren balioaren galera ere aipatu du, besteak beste, zenbaki apala azaltzeko. 660 milioi euroko fakturazioa izan du ilbeltzetik ekainera, 2014ko epealdi beran baino %10,7 gutxiago (77 milioi).
Ebitda marginean, berriz, zenbaki hobeak ditu, aurtengo lehen zatian 95,3 milioi lortu dituelako, eta iazkoan 91,4 milioikoa. Zergak ordaindu ondoren, ordea, emaitzak erabat kaskartu dira; "pagatutako batez besteko zerga tipoa %25ekoa izan delako hein handi batean", dio enpresak ohar batean.
Txanponaren ifrentzua, baina, eskaera zorro da. Inoizko eskaera poltsa handiena dauka CAFek, eta horrek elikatzen du enpresaren geroa. 5.396 milioi euroko eskaerak dauzka zain trengileak, orain urtebete baino %11 gehiago. Eskaera horien %80 atzerrian egiteko dira.