Iazko urtea kontratu berri garrantzitsuekin amaitu zuen bezala hasi du aurtengoa ere CAFek. Azkena Zaragozako tranbia eraikitzeko eta kudeatzeko proiektua izan da. Lehiaketa horretara Traza deitzen den taldearen barruan sartuta aurkeztu da, eta behin-behinekoz baiezkoa eman dio Zaragozako Udalak. Hala, 25 tren egin beharko ditu Beasaingo enpresak, eta trukean 100 milioi euro jasoko ditu.
Espero bezala gailendu zaio Traza Iridium taldeari. Eskuragarri ziren 1.000 puntuetatik 824 lortu ditu lehenengoak, eta 706, berriz, bigarrengoak. CAFez gain, Espainiako Ibercaja, FCC, Acciona, Concessia eta Tuzsa enpresek osatzen dute taldea. Iridium, berriz, Espainiako ACSek eta Frantziako Alstomek osatzen dute.
Administrazioak 340 milioi euro inguru zuzenduko ditu proiektu horretara. Horietatik 100 milioi egongo dira material mugikorrari zuzenduta. Alegia, diru hori egongo da trenak egitera zuzenduta, eta CAF izango da hortaz arduratuko den Trazako enpresa bakarra. Gainontzekoak azpiegituraz, urbanizazioaz eta integrazio eta komunikazioaz arduratuko dira.
Faborito nagusia
Traza zen tranbia eraikitzeko lehiaketa irabazteko hautagai faboritoa. Zaragozako Udalak erabakia hartu bitartean, balorazio tekniko altuena berak lortu zuen. Ibercajaren presentzia ere garrantzitsua izan da finantza babesa lortzeko. Tuzsaren izenak ere pisu handia izan du, hiriko autobusen zerbitzua berak eramaten duelako. CAFek berak ere ekoizpen lantegi bat dauka Zaragozan, eta horrek ere zerikusirik eduki ahal izan du. Hala ere, oraindik behin betiko emaitza jakitea falta da; ekainaren amaieran izango da hori.
ACS sistema edukitzea izan da beste abantailetako bat. Katenaririk ez da egongo ibilbidearen zati batean, eta sistema horrekin energia gorde dezakete trenek. Oro har, gainera, geltokiz geltoki tranbiak egiten dituen 25 segundoko geldialdietan, energia errekuperatzeko aukera dauka. Horrela, batetik, energia gutxiago kontsumi dezake, eta, bestetik, gutxiago kutsa dezake.
Sevillako tranbiaren hurrengo modeloa izango da Zaragozakoa, hau da, Urbos 2aren hurrengo Urbos 3 modeloa. 33 metroko trenak izango dira, 43 metrora arte luza daitezke eta 2,65 metroko zabalera izango dute. 200 pertsona sartu ahal izango dira, horietatik 54 eserita.
Lanak abuztuaren bigarren zatian hastea espero da. Lehenengo zatia 2011ko lehen seihileko aldera amaituko dute, eta bigarrena, berriz, 2013ko bigarren seihilekorako.
CAFek Zaragozako tranbia eraikitzeko eta kudeatzeko kontratua eskuratu du
Traza taldearekin aurkeztu den Beasaingo enpresak 25 tren ekoitzi beharko ditu 100 milioiren truke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu