CAFeko langileek bederatzigarren lanuztea egin dute gaur. Lau orduz eten da produkzioa Beasaingo lantegian, eta langileak kalera atera dira beste behin, gaur, Beasainen berriro. Gaurkoarekin zuzendaritzak ezarri nahi duen lan erregulazio espedientearen aurka egiten duten bederatzigarren lanuztea da.
Langileen ordezkaritza, gainera, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin bildu da. Enpresa zuzendaritzari interpelatzeko eskatu diote, eta bide batez, Goierriko hainbat udaletan aurkeztuko den mozioaren kopia bat helarazi diote.
Bihar jaieguna dute CAFen, eta astelehenean ekingo diote berriro mobilizatzeari, lau orduko beste lanuzte batekin. Urte bukaera arte gutxienez jarraituko dute mobilizazioekin. Atzo Gasteizko legebiltzarrean izan ziren langileak, milatik gora, eta EH Bilduko parlamentarioek babesa agertu zieten.