Enpresak

CAFen salmentak bi digituko hazkundea izaten ari dira 2017an

Andres Arizkorreta presidenteak dio Beasaingo konpainiak "derrigorrez" handitu behar duela errentagarritasuna lehiakor izaten segitzeko.

Beasaingo konpainiaren instalazioak. CAF
xabier martin
2017ko ekainaren 11
07:41
Entzun

Aurreko urtean inoizko eskaera poltsa handiena lortu izana (6.228 milioi euro) emaitzak ematen ari zaizkio CAF konpainiari. 2017an "bi digituko hazkundea" izaten ari dira salmentak eta ustiaketaren emaitza. Horrela esan du Andres Arizkorreta presidenteak 2016ko kontuak onartu dituen Akziodunen Batzar Nagusian. "Gure bezeroek, azken urtean, kontratazioen bidez gugan jarritako konfiantzak, jarduera handitzea ahalbidetu digu, eta horrek bi digituko hazkundea eragin du gure erakusle ekonomikoetan: salmentetan, Ebitda emaitzan eta ustiaketa emaitzan". Arizkorretak CAFen geroa oparoa dela argi uzten duen mezua halarazi du: "Hazkunde aro batean sartu garela agerian dago, baiota hura gurekin izango dela ere epe ertainera".

Beasaingo trengileak %8 igo ditu mozkinak 2017ko lehen hiruhilekoan, 9,2 milioi eurora arte, baina mozkin horiek gutxienez %10tik gorakoak lirateke dagoeneko, presidenteak esandakoari jarraiki. Ez dira albiste txarrak Gipuzkoako enpresa handienarentzat, 2016an berriro txikitu baitziren haren irabaziak. Eskari zorroa errekorrean egoteak ez zion balio izan irabazietan benetako jauzi bat egiteko. Iazko urtea txukun itxi zuen, 2012tik estreinakoz salmentak gora eraman zituelako (1.318 milioi euro). Baina irabaziak 37 milioi eurorenak izan ziren, aurreko urtean baino %13 gutxiago.

"Datozen urteetan CAFek erronka berriei aurre egin beharko die, eta erantzunak eman beharko ditu", esan du Arizkorretak. Nazioarteko trengintzaren sektoreari argazkia atera dio, eta koadro horretan hazkundea nabarmendu du, "sendoa eta egonkorra, baina erritmo ahulagoan". CAFek gero eta lehiakide gehiago dauzka mundu mailan, eta Asiakoak "beren merkatuetatik kanpora ateratzeko beharra" dutela dio enpresaburuak. Halaber, teknologia gero eta erabakigarriagoa izango da, "gauzen interneta, robotizazioa eta 4.0 industria, oro har".

Lehiakorragoak, errentagarrigoak

Bada, merkatu zehatz eta konplexu horretan "lehiatzeko prest" dago CAF, konpainiako presidentearen arabera. "Sarrerak handitu behar ditugu, eta merkatu kuotei eutsi edo haiek handitu. Gainera, %10tik gorako errentagarritasun maila lortu behar dugu,  eta horretarako CAFek bere presentzia handitu behar du marjin handia duten esparruetan, adibidez, zerbitzuetan". Batera edo bestera, 2017-2020 aldiko lerro nagusiek bat egiten dute aldagai batean: errentagarritasuna. CAFek sendo jardun beharreko hiru esparru aipatu ditu Arizkorretak, krisia hasi zenetik galdutako errentagarritasuna berreskuratzeko: ibilgailuen salmenta, zerbitzuen negozioa eta beste negozioen hazkundea.

2016an %3 handitu ziren salmentak, baina "lehiakorragoak izateak" ahalbidetuko du CAFek marjinak handitzea. "Bikaintasunaren bila joan behar dugu industria mailan, eta horren zerbitzura jarri behar dugu gero eta nazioartekotuago egotea, kostuak eta entrega epeak txikitzeko". Teknologia giltzarria dela uste du Arizkorretak. "Aurrera pauosak eman ditugu, baina lehiakideen bultzadak prozesu hori azkartzera behartzen gaitu". Hala, 2017-2020ko aldian, 60 milioi euroko inbertsioa egin du Beasaingo trengileak teknologia berrien garapenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.