Caixabankek hipoteketako zoru klausulak bertan behera utziko dituela jakinarazi du banku horretako ordezkari Gonzalo Gortazarrek. Caixabankek 1,3 milioi hipoteka ditu indarrean, eta horietatik %15i eragingo die neurriak: 200.000 ingururi. Tartean daude Nafarroako Kutxa zenaren zenbait hipotekaren zoru klausulak ere. Zoru klausula kenduta, urtean 220 milioi euro galduko ditu Caixabankek.
Zer da zoru klausula?
Interes tasen jaitsiera saihesteko bankuek euren hipoteka kontratuetan jartzen duten gutxieneko interesa da zoru klausula. Euriborra ezarritako zorutik behera badoa, bezeroak ez du mesederik, bankuak ezarri dion minimoa ordainduko duelako. Hortik gora badoa, ordea, haren arabera pagatuko du.
2013ko maiatzean, Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpokoak direla ebatzi zuen, «gardentasunez» azaldu ez diren kasuetan. Notarioak kontratua irakurtzeak gardentasuna ez duela bermatzen esan zuen justiziak. Ebazpen horren ondoren, BBVAk ezabatu egin zituen zoru klausulak; Caixabankek eta Sabadellek, berriz, sistemarekin aurrera egitea erabaki zuten.
Zenbait kasutan, epaitegiek bezeroei zoru klausulen bidez kobratutako guztia itzultzera zigortu dituzte bankuak.