Cajasolek ere bat egin du

Andaluziako kutxa Banca Civican sartzeko protokoloa sinatu dute, eta Nafarroako Kutxaren pareko boterea izango du

jakes goikoetxea
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Komenientziako ezkontza da. Banca Civicak tamaina irabaziko du, giharra, ekonomialariek esan ohi duten moduan; Cajasolek, berriz, dirua eskuratu ahal izango du FROB funtsetik, diru publikoarekin dituen zailtasunak konpontzeko. Cajasol Banca Civican sartzeko protokoloa sinatu zuten atzo Sevillan Andaluziako kutxak eta jada Banca Civica osatzen duten kutxek (Nafarroako Kutxa, CajaCanarias eta Caja de Burgos). Tamainari dagokionez, Espainian lan egiten duten kutxen artean seigarrena izango da -BBK zortzigarrena da-.

Espainiako Bankuak Cajasol bultzatu egin du Banca Civicarekin bat egitera, bere egoera txukuntzeko. Eraikuntzaren burbuila lehertzeak kalte handia eragin baitu bere kontuetan.

Kutxen bat-egiteen bigarren itzulia da. Lehenengoan hiru kutxak Banca Civica sortu zuten. Cajasolek Caja Guadalajara bereganatu zuen. Banca Civica bat-egite hotza deitzen dena da, hau da, kutxa bakoitzak bere eremu geografikoan negozioa egiten jarraituko du, baina negozioaren atal batzuk erakunde berri batek kudeatuko ditu, Banca Civicak.

Nafarroako Kutxa eta Cajasol izango dira taldearen buruak. Pareko boterea izango dute: %29,1eko partaidetza bakoitzak eta bosna ordezkari administrazio kontseiluan. Buruzagitza ere partekatu egingo dute: bi presidente izango ditu, Enrique Goñi Nafarroako Kutxako kontseilari ordezkaria eta Antonio Pulido Cajasoleko presidentea. Berez, Cajasol Nafarroako Kutxa baino askoz ere handiagoa da, baina pareko boterea emateak garrantzia aitortzen dio.

Banca Civicaren jatorrizko hiru bazkideek urtea amaitu baino lehen bukatuko dute taldea osatzeko prozesua. Urtarrilaren 1etik aurrera bezero propioak edukiko dituzte. Geroago sartuko da Cajasol. Betiere kutxa bakoitzak onartzen badu eta erakundeen onespena jasoz gero. Andaluziako Gobernuak herrialdeko bi kutxa handiek bat egitea nahi zuen, Cajasolek eta Unicajak, baina saioak porrot egin du.

1.400 langile inguru kalera

Cajasolek nabarmen handituko ditu Banca Civicaren negozio bolumena, aktiboen kopurua, hedapena eta tamaina. Banca Civica 1.600 bulego eta 9.500 langile ingururekin hasiko da lanean, baina zenbait bulego itxi eta langileak kaleratu beharko ditu.

Atzoko ekitaldiari buruzko prentsa oharrak argi eta garbi dio bat egin osteko erronka nagusia «eraginkortasuna hobetzea» dela, «egiturak arrazionalizatuz». Hau da, bulegoak itxiz eta langileak kaleratuz. Cajasolek batez ere. Orain bost mila langile inguru ditu eta horietatik 900 kaleratu beharko ditu. Banca Civicak 500 langile kaleratu nahi ditu, horietatik 150 Nafarroako Kutxakoak, erretiroak aurreratuz.

Banca Civicak berak onartu du langileak kaleratzen gastatuko dela FROB funtsetik jasoko duten diru gehiena. 1.100 milioi euro jaso ditzakete gehienez. Banca Civica sortu zutenean uko egin zioten FROBi dirua eskatzeari.

Hala ere, Cajasolek bat egin gabe ere, Banca Civicako hiru kutxek kapital premia zuten. Aintzat hartu behar da Banca Civica izan zela Europako estres testa pasatu ez zuten zazpi erakundeetako bat. Krisi ekonomikoa okertuz gero, 406 milioi euro beharko lituzkeela esan zuen azterketak.

Gainera, Banca Civicako jatorrizko hiru kutxek kontuak bateratu dituztenean, etorkizunean espero dituzten galerak barne, taldearen baliabide propioak gutxitu egin dira 750 milioi euroan. Kapital pribatuaren bila aritu zen, eta inbertsore bat lortu zuen, Ameriketako Estatu Batuetako JC Flowers funtsa.



JC Flowers-ek eutsi egin dio Banca Civican 450 milioi euro inbertitzeko asmoari

Banca Civicak diru premia zuen. Ez zion FROBi eskatu, baina kapital pribatuaren bila aritu zen Cajasolek bat egitea erabaki aurretik, aurrezki kutxen esparru juridikoari buruzko lege berriak hori egitea ahalbidetzen baitie. Uztailean inbertsorea aurkitu zuen: JC Flowers Ameriketako Estatu Batuetako funtsa. JC Flowers prest zegoen Banca Civican 450 milioi euro inbertitzeko, partaidetzaren %20-30en truke.

Orain, Cajasolek Banca Civicarekin bat egin ostean, JC Flowersek eutsi egin dio 450 milioi euro inbertitzeko asmoari, baina egoera berria aztertzen ari da, taldearen barruan izango lukeen partaidetza batez ere. Bi aldeen arteko negoziazioek jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.