CajaSur 852 milioiko zuloa duela sartu da BBK Banken

Batzar nagusiak onartu egin du aktibo eta pasibo guztiak Bizkaiko kutxaren esku lagatzea

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
CajaSurren batzar nagusiak onartu egin du bere aktibo eta pasibo guztiak BBK Banken esku uztea. Uste baino emaitza okerragoak izan ditu, ordea, Kordobako kutxak (Espainia). Urtarriletik abuztura bitartean 852,5 milioi euro galdu ditu. Ekainean 191 milioiren galerak plazaratu zituen. Aktiboak tasatzeko kriterio berriek -batez ere higiezinen gaineko aktiboak- nahiz balantze bateratua ixteko auditoreek eskatutako ekarpenek handitu dute zuloa.

FROB funtsetik 392 milioi jasoko ditu Bizkaiko Kutxak ager daitekeen berankortasunari aurre egiteko. Auditoreen CajaSurren kontuak aztertu ostean, %5etik %10era igo zuen zalantzazko maileguen kopurua. Horri huts eginiko kredituak gehituz gero, kopurua 1.828 milioi eurora igotzen da. Krisiaren aurretik, 2009ko ekainean, 6,6 milioi euro irabazten zituen.

Espainiako Bankuak maiatzaren 22an esku hartu behar izan zuen CajaSur salbatzeko. Ordutik hark ordezkatzen du %100ean kutxa, FROBen eskutik, eta erabakitzeko eskubide osoa du. Hiru administratzaileek notarioaren aurrean sinatu ostean egin zen ondasunen uztea. Atzoko asanbladan diru-ezarleak, taldeetako ordezkariak, langileak eta beste hainbat pertsona ere izan ziren. Kritiko agertu ziren, baina haien ekarpena lekukotasunera mugatu zen, ez zutelako erabakitzeko eskubidetik. Urtarrilaren 1etik aurrera kudeatuko ditu BBK Bankek CajaSurren baliabideak.

Hazten jarraitzeko asmoz

Hazteko aukera emango dio operazioak BBKri. Caja Castilla-La Mancharekin eta Caja Mediterraneorekin ere saiatu zen, nahiz eta haien jabe bihurtzerik ez lortu. Kordobako CajaSur eskuratzea, baina behin hori lortu ostean, BBK-k ez du geldi geratzeko asmorik. Mario Fernandez BBK-ko presidenteak batzarkideei azaldu die Espainian aurrezki kutxen artean gertatzen ari den moldaketak «bigarren itzuli bat» izango duela, eta fase berri hori gauzatzen bada, BBK-k beste operazio batean sartzea aztertuko du; hau da, aukerarik ateratzen bada, ez da CajaSurrekin soilik konformatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.