Candyko langileak Optimizerekin negoziatzen hasiko dira egun gutxian

Eskuter elektrikoen proiektuan aurrera egitea erabaki du batzarrak gehiengo handi batez.Astelehenean sinatuko dute memoranduma

xabier martin
2015eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Bergarako Candyra industria jarduera itzul dadin urrats garrantzitsua egin zuten, atzo, kaleratutako 74 langileek. Batzarrak baiezkoa eman zion Optimizek proposatutako proiektuan aurrera egiteari. Luxenburgoko enpresarekin negoziatzeko borondatea dutela adierazten duen memoranduma sinatzeko pausoa eman zuten, alegia, batzarrean gehiengo handi batez hautu hori lehenetsita.

Astelehenean sinatuko dute akordiorako oinarri hori Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Candyrekin, Italiako multinazionalak oztoporik jartzen ez badu behintzat. Behargin kaleratuek lanpostu berria nahi dute, eta, kalte-ordain handiak jaso badituzte ere, enpleguaren aldeko apustua egin dute, jakinda kalte-ordain horiek enpresa berria abiarazteko ezinbestekoak izango liratekeela.

Optimizek Bergaran eskuter elektrikoak muntatzen hasteko, ordea, bide luzeagoa egin behar da oraindik. Negoziazioak has daitezen oniritzia eman dute langileek, ez besterik. 59 beharginek eman zuten atzo prozesu horren aldeko botoa langile batzordearen proposamena babestuz; bostek ezetz esan zuten; eta beste hamarrek ez zuten botorik eman.

«Jendeak argi dauka honek ez gaituela oraindik ezertan lotzen; baina negoziatzeko borondatea adierazten du, beti esan dugun bezala, enpleguaren aldeko apustu garbia baitaukagu», esan zion atzo BERRIAri Txus Markez batzordeko kideak (LAB).

Gipuzkoako Aldundiak Candyko 74 lanpostuak —54 urtetik gorako beste hainbeste behargin erretiratu dira aldez aurretik italiarrekin adostutako akordioari esker— salbatzeko saioa da Luxenburgoko Optimize enpresaren aukera. Aldundiak bitartekari lana egin du, Europako merkatua erlojuaren kontra arakatu ondoren. Bi aldeen artean enpresa berria martxan jartzea negoziatzeko asmoa islatzen duen dokumentua sinatu behar zen martxoaren 31rako, eta, ondo bidean, astelehenean sinatuko da agiria, epearen barruan.

Bideragarritasun plana

Beraz, datorren astetik aurrera Candy berrindustrializatzeko prozesua beste fase batean sartuko da, aro konplexuenean. Diputazioak berak denbora gehiago eskatu die langileei Optimizeren proiektuaren inguruan irizpide argi bat edukitzeko. PwC kontsultora mahai gainean jarri den aukeraren bideragarritasuna aztertzen ari da, eta apirilaren hondarrean txosten bat espero du aldundiak. Bien bitartean, langileek eta Luxenburgoko enpresak lehen kontaktuak izango dituzte.PwCren txostena, ordea, oso kontuan hartuko da aurrera egiteko edo proiektua baztertzeko.

Bideragarritasun plan zorrotza badago, langileek aurrera egitea erabaki dezakete, betiere inbertitzaileekin lan baldintzen eta enpresa berria abiarazteko funtsaren inguruan ados jartzen badira Optimizerekin. 30 hilabeteko mugaz, urte bakoitzeko 45 egun lan egindako kalte-ordaina jaso zuten langileek borroka luze baten ondoren. Bada, diru poltsa hori ekuazioaren aldagai garrantzitsua da; baina beharginek argi ikusi behar dute euren dirua arriskatzearen truke zer-nolako bermeak jasotzen dituzten. Denborak esango du prozesuak emaitzak ematen dituen; oraingoz, aukera bizi-bizirik dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.