Enpresak

Candyko langileek Urbanext proiektuari eutsiko diote

Jaurlaritzak langileei emandako hitza mantentzeko eskatu diote Candyko beharginek.

Candyko langileen manifestazio bat, Bergaran. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2015eko azaroaren 12a
12:08
Entzun

Bergarako Candy lantegia berriz ere martxan jartzeko Urbanext proiektua ez atzera ez aurrera geratu zen pasa den astean, Oinarrik eta Elkargik babesa ukatu ostean. LABek Jaurlaritzari leporatu zion proiektua blokeatu izana. Gaur Candyko langileek berretsi dute eutsi egingo diotela Urbanext proiektuari: “Ez diogu uko egingo lanpostu bat edukitzeko aukera izateari, eta inork ez digu esan proiektua bideragarria ez denik”.

Areago, langileek azaldu dute Jaurlaritzarekin izandako bileretan proiektuari babesa emateko erabakia jakinarazi zietela. Oraindik proiektua bideratzeko garaiz daudela uste dute langileek, eta emandako hitza betetzeko eskatu diote Gasteizko gobernuari.

Frantziako Urbanext enpresak aurkeztutako proiektuaren asmoa Bergaran tetrapack material birziklatuarekin hiri altzariak egitea da (kaleko aulki, mahai eta antzekoak), eta 61 lanpostu sortuko lituzke. Pasa den astean eten zen proiektua martxan jartzeko bidea. Oinarrik eta Elkargik Bergarako lantegirako jarduera berrirako ekarpenak eta abalak egitea onartua zuten, eta bakarrik Lanparren onespena falta zen. Jaurlaritzak sortutako arrisku kapitaleko funtsa da Lanpar (Lan Partekatua), eta langileen partaidetza sustatzen du enpresan. Ofizialki funtsak bere erabakiaren berri eman ez badu ere, LABek uste du haren ezezkoak eragin duela Oinarri eta Elkargirena.

Candyko langileek adierazi dute ez dutela ulertzen zergatik blokeatu den proiektua. “Gainera, mingarria egiten zaigu prentsa bidez industriarako hainbat eta hainbat milioi gastatuko direla ezagutzea, eta kasu honetan babesik ez ematea”. Candyko langile ohiek gogora ekarri dute “deslokalizazio bidegabe baten biktima” izan zirela, eta egoera larrian daudela haietako asko, langabezia saririk ere kobratzeko aukerarik barik.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.