Aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan 111,5 milioi euroko etekin garbia izan du CAN Nafarroako Kutxak, iaz epe berean baino %29 txikiagoa. Aparteko diru sarrerarik ez du eduki epe horretan, eta jaitsiera horregatik izan dela adierazi du finantza erakundeak, ohar baten bidez. Iazko lehen seihilekoan, esaterako, Zurich aseguru etxearekin elkarlanerako akordioa gauzatu zuen.
CANeko ordezkarien arabera, ordea, badaude baikor egoteko motiboak ere. Mozkin errepikaria -negozio arruntarena, aurrezkien eta maileguen kudeaketa-111.509 milioi eurokoa izan dela azaldu du, hau da, iaz baino %10,34 handiagoa.
Era berean, daukan kreditu multzoa «maila handikoa» dela nabarmendu du,etxe sektorearen pisua %13 baino txikiagoa delako. Berankortasunari buruzko datuak ematerakoan, CANek Hego Euskal Herriko eta Espainiako lehiakideekin alderatu du egoera, bere kopuruak nabarmen hobeak direlako. Nafarroako kutxak %3,33ko berankortasun tasa zuen irailaren 30ean, eta kutxen sektoreak, berriz, %5,02koa. Estaldurari dagokionez, %70eko tasa du.
Krisiaren eraginez, gordailu eta inbertsio funtsean gorakada nabaritu dute, bezeroak arriskuak hartzeko orduan lehen baino uzkurrago ageri direlako. Hain zuzen, %12,72 hazi dira gordailuak eta 15.292 milioi eurora heldu dira. Inbertsio funtsetan %11,83koa izan da igoera, eta orotara 2.238 milioi euroko balioa eduki dute.
CANek %29 gutxiago irabazi du irailera bitartean, 111 milioi euro
Aparteko diru sarrerarik ez du eduki, eta jaitsiera horregatik izan dela azaldu du finantza erakundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu