Bilduk eta Aralar-NaBaik eskatuta galdegin dio ikerketa batzordeak Kontu Ganberari "Nafarroako Kutxa eta Banca Civicako kontu guztien azterketa, ikuskaritza eta balorazioa" egin dezala. Lan horren helburua izango da "2001etik CaixaBankek bereganatu arte bankuaren balioaren galera eragin zuten arrazoiak" azaleratzea.
Horrez gain, Kontu Ganberak behatu beharko du kutxaren kontabilitateak "une oro" adierazten al zuen "egiazko egoera". Bi talde horien eskariz egingo dute bateraezintasunei buruzko txostena ere. Argudiatu dute "pribatutasuna" argudio gisa erabili izan dela bateraezintasun horien inguruan azalpenak ematea saihesteko.
Otsailaren 18an egingo du batzordeak hurrengo bilera, 10:00etatik aurrera, ateak itxita. Parlamentuak gehienez bi hilabete izango ditu CAN ikertzeko, urtarrilean eratu baitzuten batzordea, eta maiatzeko foru hauteskundeen ondotik ordezkari berriak izango ditu parlamentuak.