EKONOMIA

Carrion: "Guardia Zibila etorri ez balitz, Inasa desmuntatzea eragotziko genukeen"

Inasako langile ohiak enpresaren aurrean bildu dira gaur: "hondoratuta baina harro" daude, "azken unera arte" euren lanpostuen alde borrokatu direlako. Baliteke eginiko azken bilera izatea.

2013ko abuztuaren 19a
16:09
Entzun

"Hondoratuta baina harro" daude Irurtzungo (Nafarroa) Inasako langileak, Fernando Carrion LABeko kideak azaldu duenez. Enpresaren aurrean bildu dira gaur bertako langileak, eta baliteke eginiko azken bilera izatea, enpresaren desmuntatze lanak "oso aurreratuta" baitaude. "Pozik" daude langileak, "bukaeraraino" borrokatu direlako: "Gogorra izan da, hilabeteetako borroka izan delako: bai epaitegietan, bileretan, baina, batez ere, enpresaren aurrean egindako protestetan".

Inasako langileek egindako borrokaz harro dagoen arren, ez da hain pozik agertu beste zenbait eragilek izan duten jarrerarekin: "Ezin dugu esan beste eragile batzuek borroka horri eutsi diotenik: Nafarroako Gobernuak zioen Inasa ez ixteko interes handia zuela, baina non dago orain Nafarroako Gobernua?". Agintariek euren "jarrera pasiboarekin" langileak "botata" utzi dituela iritzi dio Carrionek: "Zer gobernu mota da eta, are gehiago, zer legedi da inbertsore bat izanda enpresa bat desmuntatzen uzten duen hori?".

Langileek uste osoa dute "egin behar zutena" egin dutela, eta sinetsita daude jarraitu beharreko bide bakarra "borroka" dela: "Inork ez digu ezer oparituko: langile garen heinean, gure ardura da borrokatzea, amaieraraino borrokatzea. Borrokaren bidez ez bada ez ditugulako gure helburuak lortuko".

Carrionek Info7 irratiari emandako elkarrizketan adierazi du Guardia Zibila bertara joan ez balitz kamioi ingelesek makineria eramatea oztopatu ahal izango zutela. Guardia Zibilak agertzea "inoiz ikusi gabekoa" eta "pentsaezina" iruditzen zaio Carrioni. Gertaera hark hamabost inputatu eta bederatzi zauritu utzi zituen: "Zaurituei dagokienez, larrienak bi tendoi dauzka hautsita, eta, gainontzean, saihets hezur makatuak, kolpeak buruan, urradurak… Oraindik ez zaigu zitaziorik iritsi, eta izatez, ez dakigu zergatik inputatu gaituzten: zer gertatuko zain gaude".

Inasa desmuntatuta 180 lagun lanik gabe geldituko direla gogorarazi du Carrionek: horrek Sakana "hondoratuta" utziko duela esan du, eta nabarmendu du "erabaki politikoak" direla halako gertaerak baimentzen dituztenak.

Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie Carrionek Irurtzungo herriari eta Sakanari langileen izenean, "une oro" erakutsi dieten babesagatik: "Animatu egin gaituzte, eta momenturik zailenetan beti hor egon dira".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.