Autogintzaren krisiak ez die eragiten bakarrik autoak edo beren osagaiak ekoizten dituzten lantegiei, edota autoen saltokiei. Baita autoen garraioan aritzen diren enpresei ere. Horren erakusgarri da Irungo (Gipuzkoa) Catalan garraio enpresa: autoen garraiotik eskuratzen du bere fakturazioaren erdia baino gehiago, eta Konkurtso Legera jo behar izan du, autogintzaren krisiak eraginda batez ere.
Catalanek Hartzekodunen Lehiaketa aurkeztu du, ezin baititu zorrak ordaindu. Enpresak ez dauka dirurik, likideziarik, fakturak ordaintzeko. Konkurtso Legera jota, enpresatik kanpoko administratzaile konkurtsalek aztertu egingo dute enpresaren egoera ekonomikoa. Era berean, zorrak beren horretan geratuko dira, hartzekodunekin akordioak lortzen saiatzen diren bitartean.
Catalan garraio enpresa 1921ean sortu zen, Oronozen (Nafarroa). Gaur egun 130 langile ditu, batzuk enpresakoak eta beste batzuk autonomoak. Ehun kamioi baino gehiago ditu, bereak eta beretzat lan egiten duten enpresenak.
Autogintzari lotutako enpresa askotan egoera larria da. Nafarroako Gobernuak iazko abenduaren 31n onartu zuen Dana enpresako enplegua erregulatzeko dosierra. Ondorioz, 71 langile kaleratuko dituzte. Enpresak 450 langile ditu, horietatik 306 eskulanetan aritzen direnak. Eskulanetan aritzen direnetatik kaleratuko dituzte 71 langileak. Lan Ikuskaritzak dosierra onartzearen aldeko txostena egin zuen, eta Nafarroako Gobernuak aintzat hartu du. Jada onartutako dosierraz gain, enpresak ez du baztertu enplegua erregulatzeko behin-behineko dosier bat aurkeztea.
LABentzat Nafarroako Gobernuak Danaren kasuan izan duen jarrera «eskandalagarria» da: Dana «etekin izugarriak» dituen multinazionala delako; enpresaren eta langileen arteko akordiorik ez dagoelako; eta, sindikatuaren iritziz, dosierra deslokalizaziobatean oinarritzen delako. Enpresak argudiatu du galdu egin dutela Man multinazionalarentzat egiten zuen lanaren zati bat, kamioi ekoizleak Turkiako enpresa bati eman diolako.
Kontzentrazioak
Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak oraindik ez du onartu Cegasak aurkeztutako enplegua erregulatzeko dosierra. Enpresako Zuzendaritzak Espainiako Lan Ikuskaritzari eskatu dio bitartekari lana egin dezala enpresaren eta langileen artean. Enpresak Gasteizko lantegiko 360 langileetatik 240 kaleratu nahi ditu.
Atzo bertan langileek kontzentrazioa egin zuten Gasteizen, enpresari dosierra bertan behera utz dezala eskatuz. Elkarretaratzean parte hartu zuen Javier Madrazo Gizarte Gaietarako sailburuak.
Gaur, berriz, Herria Kalera ekimenak antolatutako asteroko kontzentrazioa egingo dute Donostian, 19:00etan, Askatasunaren hiribidean (Banco Guipuzcoanoren egoitzaren aurrean). Astero zailtasunak dituen enpresaren bateko langileek ematen dute beren egoeraren berri. Gaur Andoaingo (Gipuzkoa) Inquitex enpresako langileen txanda izango da.
Catalan garraio enpresak Konkurtso Legera jo du, ordainketei aurre egin ezinik
Enpresak autogintzaren krisiari egotzi dio, neurri handi batean, erabakia hartu behar izana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu