Catelsaren itxiera saihesteko plan bat negoziatu nahi dute langileek

Hutchinson taldeak ziurtatu du Oiartzungo lantegia ixteko erabakiak ez duela atzera bueltarik

Maite Alustiza.
Donostia
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Itxieraren mamua etengabe hedatuz doa Hego Euskal Herriko enpresen artean. Heldu da Arabako Alestisera, Bizkaiko Formicara, Nafarroako Inasa lantegira, eta orain, baita Gipuzkoako Catelsara ere. Tamalez, dozenaka kasuren lau adibide besterik ez dira. Auzi guztietan gertatu den bezala, Oiartzungo enpresako langileek ere aurre egin diote zuzendaritzaren erabakiari, eta haien jardunari eusteko ahaleginetan dihardute.

Catelsako langileak enpresaren bideragarritasunaren alde agertu ziren atzo Donostian. Irailaren 28an jakinarazi zien Hutchinson taldeak, enpresaren jabeak, urtarrila baino lehen enpresa itxi eta 61 langileak kaleratzeko asmoa duela. «Erabakiak ez du atzera bueltarik», zioen multinazionalak. Baina langileak ziur daude lantegiak baduela etorkizuna, itxiera ez den beste irtenbide bat badagoela, eta horregatik, zuzendaritzarekin plan bat negoziatzeko prest daude. Enpresa batzordeak bilera informatiboa izan zuen atzo zuzendaritzak azpikontratatutako enpresa batekin, baina «adar jotze bat» izaten ari zela ikusita, mahaitik altxatu egin ziren LAB eta ELAko ordezkariak.«Itxieraren atzean ez daude arrazoi ekonomikoak, multinazionalaren erabaki politiko bat baizik», azaldu du LABek ohar bidez.

Hutchinson taldeak argudiatu du itxierarako arrazoi nagusia «lehiakortasunaren etengabeko galera» izan dela. Multinazionalak ehun lantegi baino gehiago ditu munduan, eta Errumanian, Polonian eta Europako ekialdean dituen beste batzuk handitu nahi ditu. «Lana badaukagu, baina enpresaren plana da hori beste planta batzuetara bideratzea», onartu du Kepa Olaizek, enpresa batzordeko ordezkariak. Catelsa autogintzako hornitzailea da, eta kautxuzko piezak egiten ditu.

Deslokalizazioaren beste biktima da Oiartzungo lantegia. Lehenago komertzialak, talde teknikoa, laborategia eta abar zituzten bertan, baina, Olaizek azaldu duenez, orain soilik «peoien lana» utzi diete. Lanean jarraitzen dute, hiru txandatan, eta aurretik ez bezala, produktu bakarra ekoizten dihardute gaur egun.

2009an aldi baterako erregulazio dosierra aurkeztu zuen multinazionalak, eta hilabete batzuk geroago, bigarren espediente baten berri eman zuen. Iaz, berriz, «prekarietatean» zirela salatu zuten hainbat langilek, eta lantegiko LAB sindikatuak eta zuzendaritzak lortu zuten lan baldintzei buruzko akordioa lortzea. Geroztik aurtengo ekainera arte, ez da gorabeherarik izan; are gutxiago, itxiera posible baten zantzurik. Ekainean langileek azalpenak eskatu zizkioten Hutchinson taldeari, lantegiaren etorkizunaren inguruan, baina haren erantzuna uda ondotik iritsi zen: enpresa itxi egingo da.

Gureolan, kobratu gabe

Gureola Celulosas de Hernani lantegian (Gipuzkoa) mobilizazioekin jarraitzen dute. Uztaileko soldataren %10, abuztuko soldata osoa eta irailaren 18ra artekoa ez dute kobratu, eta egoerak ez badu hobera egiten, enpresa Konkurtso Legean sartuko da. Langileen batzarrak dio zuzendaritzarena dela ardura, enpresaren kudeaketa «txarragatik». Duela hiru aste erregulazio dosierra aplikatu zieten, eta hori dela eta, zaintza txandak hitzartu dituzte langileen artean, lantegia hutsik ez uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.