CCOO eta UGTko afiliatuek Koxkako zuzendaritzaren azken eskaintza onartu dute

Herenegun bilera akordiorik gabe itxi bazuten ere, CCOOk eta UGTk zuzendaritzaren asmoak onartu dituzte

Joxerra Senar - Jakes Goikoetxea
2009ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Herenegun arratsaldez hamar ordu eta erdiko bilera luzearen ostean, goizeko 02:30ean akordiorik gabe amaitu zuten bilera Koxkako langileen batzordeak eta zuzendaritzak. Sindikatuak, itxuraz, mahaitik haserre altxatu ziren zuzendariek ez zutelako euren azken proposamena aintzat hartu. Atzo, goizean, ordea, gatazkak ustekabeko norabidea hartu zuen. CCOOko eta UGTko afilituek enpresaren azken proposamena bozkatu zuten batzarrean eta onartu egin zuten. Gaur, berriz, proposamen horri buruz bozkatuko dute langileek 09:30ean hasiko den batzarrean.

Zuzendaritzak, alde batetik, 55 urtetik gorako langileak aurrez erretiratzea proposatuko du. Proposamen hori aurkeztuko zaie 90 langile ingururi, baina onartzen ez badute, aukera moduan lehen baino baldintza txarragoetan geratzera behartuko dituztela salatu du LABek. Bestalde, sustatutako 165 kaleratze bultzatu nahi ditu: lan egindako urteko 37 lan eguneko kalte-ordaina eta beste enpresa batean lanpostua bilatzeko edo bi urtera Koxkara itzultzeko konpromisoa luke langileak; bestela, 45 lan eguneko kalte-ordaina emango diote langileari.

UGTk uste du akordio hori onartuz gero, epe luzera etorkizuna bermatuta lukeela enpresak. LABek, baina, kritikatu du enpresak proposatutako neurriak «kaleratzeak» izaten jarraitzen dutela. Herenegun bertan, langileek ohar batean ohartarazi zuten ez dutela kaleratzerik onartuko.

Horregatik, batzordean UGTketa CCOOk gehiengoa badute ere, ikusteko dago azken emaitza. LABek, esaterako, proposamen horri ezezkoa ematearen alde egingo du. Batzar beroa izatea espero da. Dena den, «bi hilabeteko ziurgabetasunaren ondoren langileek beldurra eta kezka dute», aipatzen du LABeko Mikel Bikendik. Plana onartzen bada, 200dik gora kaleratuko dituzte: «Asko dira. Horrek esan nahi du tailerrean bat bai, bestea ez, bat bai,bestea ez... Oso gogorra da».

Bikendik oroitarazi du herenegungo bileran ELAko ordezkariak behin-behineko enplegua erregulazioko espediente bat aurkeztea proposatu ziola zuzendaritzari, baina enpresak atzera bota zuela, neurri horrek ez lukeelako «egiturazko arazorik konponduko». Dena den, LABen ustez, kudeaketa txarrak eraman du enpresa egungo egoerara, eta behin-behineko espediente batek zein produkzio pizgarriak kentzeak egoera bere onera itzul dezakete.

Arazoak Bergaran eta Irunen

Atzo jakin zen Porcelanas Bidasoa Irungo enpresak (Gipuzkoa) zazpi hilabeterako espedientea aurkeztu duela. 47 langileetatik 43ri eragingo die. Arazo ekonomikoak ditu duela zenbait urtetik eta 2007an ere aurkeztu zuen espedientea: langileen erdiak baino gehiago kaleratu zituen.

Bergarako (Gipuzkoa) Orni eta Dakigu enpresek, berriz, ateak itxi nahi dituzte. 50 langile geratuko dira kalean. LABek salatu du enpresa horiek diru asko egin zutela duela bi urte, orube bat saldu baitzioten Eroskiri. Lau hilabeteko soldata zor diete langileei.

Egungo itxierak eta espedienteak ez dira nahikoak batzuentzat. «Espedienteek azkarragoak izan behar dute, ez lukete Administrazioaren baimenik behar», esan zuen atzo Gerardo Diaz Ferran CEOE Espainiako patronaleko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.