CCOOk ere baztertu egin du Jaurlaritzaren elkarrizketa sozialerako proposamena

Sindikatuaren ustez, "Jaurlaritzaren eta Confebasken aldebiko akordioak baliogabetu egiten du elkarrizketa sozialerako dekretua".

Elkarrizketa sozialerako mahaiaren iazko uztaileko bilera, Jaurlaritzako, Confebaskeko, CCOOko eta UGTko ordezkariekin. JUANAN RUIZ / FOKU
Irune Lasa.
2018ko irailaren 7a
14:14
Entzun

ELAren eta LABen ezezkoen ondoren, CCOOren ukoa ere jaso du elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko Jaurlaritzaren dekretu proposamenak. Sindikatuaren ustez, "harrigarria da [Jaurlaritzak] halako dekretu bat ateratzea enpresa erakundeekin esklusiban aldebiko akordioetarako hautua egin duenean. Ez du, gure ustez, inolako birtualitaterik". 

CCOOk gogoratu du 2016ko uztailean elkarrizketa sozialerako mahaian iritsitako akordioetatik datorrela Jaurlaritzaren proposamena. Adostasun haietan gobernuak konpromisoa hartu zuela "Euskadin elkarrizketa soziala garatzeko". Hori azalduta, sindikatuak argi utzi du dekretu proposamenaren aurkezlea Jaurlaritza dela eta ez mahaia.

Mahai hori utzi egin zuen CCOOk, Jaurlaritzak Confebask patronalarekin enpleguari buruzko akordio zabal bat itxi zuenean. "Inkongruentzia da Jaurlaritzak Confebaskekin itxi ostean elkarrizketa mahai bat osatu nahi izatea, ezer gertatu ez balitz bezala. Ezin da sostengatu gizarte kontzertaziorako apustu bat elkarrizketa sozialari bere forma eta edukietan eraso egiten dion akordioa indarrean dagoela". 

Era berean, CCOOk esan du parte hartze instituzionalerako lege bat aldarrikatzen jarraitzen duela, "non argitasunez eta gardentasunez zehaztuko den Euskadin. Legebiltzarrak eztabaidatu eta babestuko duen legea, hori delako modu bakarra Jaurlaritzak solaskideak bere apetaren arabera hautatzea saihesteko eta askatasun sindikalerako eskubidea bermatzeko".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.