Espainiako Gobernuak sustatutako lan erreformaren aurka egiteko CCOO eta UGT sindikatuek ez dute baztertzen greba orokorra deitzea baina, oraingoz, ez dute halakorik egingo. Indarrak neurtu nahi dituzte aurretik, jendeak euren mobilizazioei zer harrera egiten dien ikusi gura dute. Gobernuak atzo jakinarazi zituen lan erreformaren xehetasunak, eta CCOOk eta UGTk hilaren 19rako estatu osorako mobilizazioak antolatu dituzte gaur.
Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak eta Candido Mendez UGTkoak elkarrekin prentsaurrekoa eman dute, Madrilen, eta salatu dute erreformaren ondorioz enpresarioek langileak oso erraz bidali ahal izango dituztela.
"Lanerako eskubidea deuseztatu egin nahi du gobernuak", esan du Fernandez Toxok. Halaber, langabezia eta lantokietan gatazka gehiago sortuko direla iragarri du.
Mendezek uste du gobernuak ez duela autonomiarik, merkatuek eta Europak esaten diotena egiten duela.