CCOOk kutxen bateratzea babestuko du, administrazio kontseiluan badago

Lan baldintzei eta gizarte ekintzari eustea baldintzatzat jarri ditu Unai Sordo sindikatuko idazkari nagusiak

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
BBK, Kutxa eta Vitalen arteko bateratzea babestuko duela jakinarazi du Euskadiko CCOOk, gutxieneko baldintza batzuk betetzen baldin badira. Sortuko duten banku berriaren administrazio kontseiluan egun kutxetako aginte organoetan dagoen ordezkaritzari eutsi beharko zaiola esan du, sindikatuak ere bertan daudela. Baina hori ez da jarri duen baldintza bakarra. Unai Sordo idazkari nagusiaren hitzetan, lehentasuna izango dute lan esparruko bermeek. Horretaz gain, aurrezki kutxek betidanik izan duten izaera sozialari segida emango zaiola bermatu beharko dute, bai eta historikoki enpresa txiki eta ertainei eman zaizkien laguntzekin jarraituko dutela ere.

Fusioa babestearen truke baldintza horiek eskatzeko moduan dago CCOO, BBKn eta Vitalen ez bezala, Kutxan bere botoak funtsezkoak direlako —baita Hamaikabatenak eta Pixkanaka Kaskarirenak ere—, PSE-EE, EAJ eta PP ez baitira ailegatzen bat egitea babesteko beharrezko 67 botoetara.

Lan baldintzei dagokienez, Sordok adierazi du hiru kutxetako langileentzako eta haientzako lan egiten duten enpresentzako gutxieneko baldintzak adostu beharko direla. Jose Maria Martinez CCOOko Administrazio eta Finantza Zerbitzuen Federazioko ordezkariak, berriz, jakinarazi du langileen «berregituraketa arin bat» aurreikusten duela baina hori akordio bidez egin beharko dela, kaleratzeak traumatikoak izan ez daitezen. CCOO horretarako lan egiteko prest dagoela aurreratu du.

Gutxieneko eskaera horiek Espainiako finantza sistemako gainerako bat egite guztietan eskatzen ari diren berberak direla jakinarazi du Martinezek. Eta argitu du aurreko fusio saioetan ere oraingoen antzeko eskaerak egin zituela CCOO sindikatuak. Ildo horretan, 2005ean eta 2008an porrot egin zuten bat egite saioetan proposatutako eredua egokiagotzat jo du Martinezek. Hiru kutxek bat egiteko saio haietakoren bat ondo atera izan balitz, sektorearen egungo berregituraketa prozesuan gainerako erakundeentzat «eredu» izango zirela azaldu du, gainera. Izan ere, Martinezen iritzian, egungo berregituraketa nahikoa modu desordenatuan planteatzen ari dira, «kutxen gizarte eredua zalantzan jarriz, horrek ekar ditzakeen ondorio guztiekin».

CCOOk eskatzen dituen gutxieneko baldintzak beteko balira, «herri honi azken 200 urteetan horrenbeste on egin dion aurrezki kutxen eredu soziala mantenduko litzateke», Martinezen ustez. Eta ez hori bakarrik; hiru kutxen bateratzeak kanpora begira hazteko ikuspuntua jorratu beharko luke, «orain arte kutxa bakoitza bere mugetatik apenas irten baita».

Bateratzeak aurrera orain egin badu ere, Unai Sordok aurreko saioak ekarri ditu gogora. «Batzuek jokabide arduragabea izan zuten bere garaian, eta horregatik ezin izan dugu bateratze hau lehenago egin».

CCOOren ikuspuntua jakin ondoren, gustura agertu da Karlos Ruiz Kutxako Komunikazio eta Gizarte Gaietako ordezkaria. Kutxak bat egite honetan lortu beharko lituzkeen babesak lortzeko «esperantza eta ziurtasun osoa» erakutsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.