CCOOk «poltsikoak bete dituztenen» galerak sozialitzatzea baztertu du

Josu Onaindiren esanetan, ez dute onartuko krisitik ateratzeko gizarte laguntzak gutxitzea

ENDIKA URLEZAGA BILBO
2008ko irailaren 12a
00:00
Entzun
«Langileak ez dira krisi ekonomikoaren erantzule, eta, beraz, ez dute haiek ordaindu behar». CCOOk ohar hori egin zien atzo enpresariei eta erakundeei Bilbon. Josu Onaindi CCOOko idazkari nagusiak baztertu egin zuen krisi ekonomikoaren irtenbideetako bat «poltsikoak bete dituztenen» galerak gizarteratzea denik.

Onaindik argi utzi nahi izan zuen ez dutela «inola ere» onartuko krisiari aurre egiteko gizarte laguntzak murriztea, «gehien dutenentzat beherapen fiskalak onartzen diren bitartean».

CCOOren arabera, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ekonomiaren datuak «kezkagarriak» dira, eta langabezia industria sektoreari eragiten hasi da. Garai onenetan bertako ekonomia Espainiakoa baino gehiago handitu arren, krisialdi garaiak Bizkai, Gipuzkoa eta Araban sakonagoak izaten direla gaineratu zuen idazkari nagusiak.

Hori dela eta, sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio dagokion ardura hartzeko eta errealitateari aurre egiteko. Horretarako eskatu zion dei diezaiela gizarte eragileei, egoeraren azterketa bat egiteko, «gertatzen ari diren gauzak kezkagarriak baitira».

CCOOk prezioak kontrolatzeko neurriak hartzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari.

Aralarren jardunaldiak

Aralarrek jardunaldiak antolatu ditu hilaren 20rako Donostian, ezker abertzalearen ikuspegitik krisi ekonomikoari nola aurre egin aztertzeko. Mikel Zurbano EHUko irakasle eta Aralarreko batzorde sozioekonomikoko zuzendariaren iritziz, gobernuek «bide ez iraunkor eta antisozialak» hartu dituzte krisi ekonomikoari erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.