Miguel Angel Lujua patronaleko presidenteak ELA eta LAB sindikatuak egin ditu, Radio Euskadin, Tubacexen erabakiaren arduradun, sindikatu horiek "eragiten" dituzten lan harremanen kontura. "Ez badago giro ona gizartean, enpresariak Euskaditik joango dira; enpresarien, Jaurlaritzaren eta sindikatuen ardura da herrialde hau erakargarri egitea". Datozen hauteskunde sindikaletan langileek euren botoa ELA eta LABi ez, baina beste sindikatuei ematea nahi du Lujuak, "elkarrizketa ahalbidetzen duten sindikatuei, enpresetan egonkortasuna lor dadin". Tubacex ez da joan Euskal Herritik zorua musutruk eskaini diotelako, "Euskadin lan harreman gatazkatsuak daudelako baizik".
Tubacexek iragarri zuen bere planta berria Cantabrian zabalduko zuela, besteak beste, Espainiako erkidego horrek eskaini dion debaldeko lursailaren abantaila aprobetxetzeko. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak berriki esan du Cantabriak egindako eskaintzaren parekoa egin ziola Lakuak enpresari, baina horrek ez zuela lortu Tubacexen erabakia aldatzea.
ELAren ustez "miserableak" izan dira Lujuaren hitzak. "Esan daiteke Lujua elkarrizketara asmo batekin joan dela: CCOOk eta UGTk Espainian egiten duten sindikalismoa defendatzea eta ELA eta LAB erasotzea". Sindikatauren arabera, Confebaskeko presidenteak "Espainia marka eta espainiar elkarrizketa soziala besterik ez du buruan". Gaur Lujuak egindako adierazpenak entzunda, ELAren arabera "ez da zaila ulertzea zergatik dagoen Confebask hain eroso CEOEren altzoan eta PPren politikekin".
Confebasken errieta Iberdrolari
Iberdrolak aste honetan argindarraren erreforma dela-eta Espainako Gobernuari egindako krtitikaren neurriarekin ere deseroso agertu da Confebask. "Egindako kritikaren presioa apur bat jaitsi" beharko lukeela uste du Lujuak, eta hala esan du irratian. Bilboko energiaren multinazionalak iragarri du 9.600 milioi euroko inbertsioa egingo duela 2016 arte, baina gehiengoa ez dela Espainian izango, "arautegi egonkor bat" duten herrialdeetan baizik. Inbertsio horren "%15ek baino ez du Espainia helburu izango", Iberdrolako presidente Jose Ignacio Galanek esandakoaren arabera.
Lujuak gogoratu du Iberdrola "Espainia marka saltzen" aritu dela mundu zabalean, eta orain marka horri kalte handiagorik ez egiteko kritikaren "presioa" jaitsi beharko lukeela. Dena den, Confebaskeko buruak bat egin du Galanen kritikarekin argindar erreformaren auzia dela eta. "Inork ez du ulertzen nola kalkulatzen den argindarraren faktura". Era berean, gogoratu du "enpresak eta familiak Europako energia kostu handienak" pagatzen ari direla.