Enpresa barruko gatazka huts bat izan zitekeenak dimentsio handiagoa hartu, eta ataka estuan jarri ditu sarri askotan eskutik helduta joan diren bi sindikaturen arteko hartu-emanak. Mercedes-Benzen Gasteizko plantaren enpresa batzordeko presidente Iñaki Andresen (UGT) kargugabetzeak CCOO eta UGTren arteko batasunaren pitzadurak azaleratu ditu. CCOOk ELA, LAB eta ESKrekin batera Andresen kaleratzea babestu ondoren, CCOOrekin harremanak eteteko eskatu dio UGTko Metal eta Eraikuntza Federazioak (MCA) sindikatuaren zuzendaritzari. Andres bakarrik ez, UGTko Juan Luis Martinez presidenteordea ere bota dute, gehiengoak hala eskatuta.
Raul Arza buru duen sindikatuak etzi egingo du zer bide hartu erabakitzeko kongresua, baina Arzak argitu du dagoeneko jarrera: "Naturaren aurkako erabakia da, lan ildo bateratuari eginiko erasoa, eta berehalako zuzenketa bat exijitzen diogu CCOOri UGTk enpresa batzordeko presidentetza berreskura dezan". Hala ez bada, "horren araberako neurri sendoak" hartuko dituztela ohartarazi du Arzak, eta onartu erlazioa "ukituta" baina hausturara iritsi gabe dagoela.
Andresen ordez, ELAko Igor Gevara izendatu dute enpresa batzordeko presidente, eta presidenteordeak CCOO eta LABen artean banatuko dituzte. Zuzendaritzaren interesetatik langileengandik baino gertuago egon dela argudiatuta, Andres kargutik kentzea beste biderik ez zutela adierazi du Gevarak, presidente gisa eginiko lehen agerraldian: "Bera bakarrik kaleratu da". CCOOko ordezkari Roberto Pastorrek argitu du erabakia lantegi horretara mugatzen dela: ez du batasun sindikala apurtzeko inolako arriskurik ikusten. Arzak, ordea, bestelakoa ikuspegia du: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fabrika handienetakoa —4.500 langilerekin 137.000 ibilgailu ekoiztuko ditu aurten— dela eta, uste du Gasteizko plantatik harago doala CCOOren hautua.
"Inplikazio falta"
Ildo beretik, "atzera egin arte", urteetako aliantza haustea exijitu dio MCAk: "CCOOk presidentetza lapurtu, eta ELAri oparitu dio, bost ordezkari baino ez dituenean; sindikatu abertzaleen aldarrikapen historiko bati men egin dio". Kontrara, sindikatuek nabarmendu dute hitzarmenaren negoziazio prozesua "onbideratzea" dela orain helburua. Haien hitzetan, Andresek ez du "konpromisorik" agertu ituna gutxiengoan ez sinatzeko. Informazioa "oztopatzea" eta langileekiko "errespetu eta inplikazio falta" ere leporatu diote, bileretara joaten ez zelakoan. Enpresa batzordeko 27 ordezkarietatik hamalau dituzte CCOOk, ELAk, LABek eta ESK-k; UGTk, bederatzi.
Presidente ohia, berriz, minduta mintzatu da, eta "arduragabekeriaz" jokatzea egotzi die beste sindikatuei: hitzarmenaren negoziazioa "blokeatzen" ari direla salatu du. Andresek azaldu du, halaber, UGTk "gutxiengoan zein gehiengoan" akordio bat ez ixteko borondatea agertu duela, sindikatu batzuek "duintasunagatik" itunik sinatuko ez zutela iragarri eta gero. "Proposamenik aurkeztu gabe, akordio posible bati ezezkoa aurreratzen ari diren hainbat talde daude; LAB, bereziki". Presidente ohiak gogorarazi du ELAk, LABek eta ESK-k "sekula" ez dutela akordiorik sinatu Mercedes-Benzen Gasteizko lantegiari eusteko.