Bilboko Forum Europan hitzaldia egin du gaur goizean Garcinuñok. Beste gai askoren artean, enplegu publikoaren eta pribatuaren artean dagoen lehia izan du hizpide. Haren ustez, "desorekatua" da lehia hori. "Ahalegin eta arriskua eskatzen du enpresa bat abiatzea, sarritan etorkizun profesionalaren kalitatea aisialdi orduetan eta askatasunean neurtzen duten gazteria batentzat".
Osasun eta hezkuntza alorretan deialdi publikoak martxan jarri ditu Urkulluren gobernuak. 96.235 pertsona aurkeztu dira Osakidetzak eskaini dituen 3.335 lanpostu betetzeko. Kontuan hartu behar da langile publikoak ordezkatzeko aukera mugatu duela Espainiako Gobernuak azken urteotan.
Garcinuñoren aburuz, Jaurlaritzak iragarri dituen lan eskaintza "masibo" horiek ez diote lagunduko ekintzailetza kultura bat zabaltzeari. Horren aurrean, Cebekek eskatu du "enpresa sormena irakastea", eta proiektu bat abiatzen dutenak "mimatzea".
2014. urtetik aurrera 2.000 enpresa sortu dira. Pasa den urtean soilik 97 izan ziren. "Premiazkoa da ekintzailetzaren bultzada bereskuratzea Euskadin", ohartarazi du patronaleko buruak.
Confebasken inkesta eta gazteak
Confebaskek astelehenean argitaratu zuen inkestari buruz ere aritu da. Besteak beste, enpresen %40k baino gehiagok esan zuen arazoak dituztela lanpostuak betetzeko "jarrera, prestutasun eta interes" falta dela-eta.
Garcinuñok ukatu egin du gazteek enpleguaren aurrean duten jarrera kritikatu dutenik, baina "egiaztatu" dute horixe dela enpresa gehienek kontuan hartzen duten lehen gauza kontratatzeko orduan. "Nahiago dute gazte motibatu bat eta taldean lan egiteko gaitasuna duena, arduratsua, titulazio oso ezagunak dituen beste baten aurrean".
Cebekeko buruzagiak azterketako beste datu bat nabarmendu du. Bost enpresatik batek zailtasunak ditu lanpostuak betetzeko, hautagaiek uste dutelako eskaini zaien soldata eskasa dela. "Oso zaila iruditzen zait azaltzeko Euskadin lan baldintzak, soldatak barne, prekarioak edo txarrak diren ideia faltsua nola errotu den", azaldu du, eta inguruko lurraldeen gainetik daudela ziurtatu du.
Garcinuñok onartu du "ziur aski" bizitzaren kostua handiagoa dela Euskal Herrian, soldatak bezala, "baina hori ez du zertan euskal enpresak finantzatu behar". Sektore publikoarekin alderatu du egoera, berriro. "Herritarrek ordaintzen dituzte funtzionarioen soldatak, eta gehiegikeriarik badago, hiritarrek ordaintzen jarraituko dute. Enpresetan, bezeroek ordaintzen dituzte soldatak, eta lehiakortasuna murrizten duen gehiegikeriarik badago, enpresaren parte garen guztiok ordainduko dugu, enpresaburuok eta langileek".