«Euskal ekonomiak igoera epela izan du aurtengo lehen hiruhilekoan. Epe laburrerako aurreikuspenak moteldu egin dira, baina ez gaude ezkor. Lehenago edo geroago egingo du gora; ziur asko, txertaketaren eskutik». Iñaki Garcinuño Cebek Bizkaiko enpresarien elkarteak horrela laburbildu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiaren urte hasiera. Datuak, dena den, ez dira espero bezain onak. Iazko azken hiruhilekoan %0,5 handitu zen BPGa, eta aurtengo lehen neurketa apalagoa izan da. Garcinuñoren iritziz, pandemiaren laugarren olatuak eta txertaketa moteldu izanak eragin zuzena dute datuan, ekonomiaren susperraldia eta bereziki zerbitzuen sektorekoa atzeratu duelako. Hala ere, baikor dago, sinetsita baitago ekonomia suspertzen hasten denean prozesu egonkorra izango dela. BPGa aurten %6,5 igoko dela aurreikusten da.
Cebekek aurtengo bere lehen inkestaren datuak plazaratu ditu, eta enpresa gehienak iazko abenduan bezalaxe daude. %50ek eskaera maila «baxua edo oso baxua» dute; hala ere, apirilean eta maiatz hasieran hazkunde zantzu txikiak sumatu ditu elkarteak. Enpleguari dagokionez, enpresen %75ek egungo langile kopurua mantenduko dutela uste dute; %14k, murriztu egingo dutela; eta %17k, handitu egingo dutela. Alde horretatik, aldi baterako erregulazioak erreminta oso baliagarria direla nabarmendu du, eta ekonomiak «dopatuta» jarraitu behar duela. Laguntza publikoez ari zen.
Aldi baterako erregulazioekin pozik dago, baina, Garcianuñoren ustez, berriz aztertu behar da «COVIDarengatik kaleratzeak egiteko debekua». Haren ustez, pandemia luzatzen ari da, eta aldaketa bat behar da, lantaldeari buruzko erabakiak hartzeko garaian enpresek duten «ziurgabetasuna» ez delako lagungarria: «Erregulazio bat saihesteko biderik onena aldi baterako erregulazioa da, eta aldi baterako erregulazioa saihestekoa, aurrez hitzarturiko malgutasuna».
Enpleguaz hitz egitean, Garcinuñok kritika oso zorrotzak egin dizkie sindikatuei: «Langileen eta enpresen aurka doaz. Marketina egiten dute. Elkarrizketa sozialaren mahaia mespretxatzen dute. Alderdi politikoak balira bezala jokatzen dute, nahiz eta inork ez dituen bozkatu». Zehazten hasita, sindikatu abertzaleei egotzi die jarrera hori, eta ELAri bereziki: «Hauteskunde sindikaletan babes sendoa duen heinean, ardura handiagoz jokatu beharko luke. Euskal gizartearen eta lan harremanen ingurunearen mesederako, adostasuna beharrezkoa da».
Zerga igoerarik ez
Enpresentzako «dopina» aipatu du Garcinuñok, eta argi hitz egin du: «Madrilen zergak jaistearen alde egiten duen alderdi batek irabazi ditu hauteskundeak; horrek kontzertu ekonomikoaren erabileraren inguruan hausnartzera eraman behar gaitu. Konplexuak uxatu behar ditugu kontzertu ekonomikoa lehiakortasuna hobetzeko lanabes moduan erabiltzeko. Besteak beste, zerga tipoa jaitsiz». Cebeken diskurtsoa ezaguna da, eta berriz errepikatu du: zenbat eta tipo baxuagoak, orduan eta aukera handiagoa enpresak erakartzeko, eta haren bidez enplegua.
«Lehentasuna, orain, enpresak berpiztea da. Ezin dugu prozesua oztopatu: hau ez da presio fiskala igotzeko garaia», gehitu du. Horri dagokionez, azaldu du nazioarteko funtsak enpresa asko erosten ari direla, baina horrek ez duela zertan sustraien galera ekarri. Hori eragozteko baldintza ekonomiko egokiak sortzeko eskatu du, eta erantsi du bakarrik eztabaida zabal baten bitartez lortu daitekeela hori. Azkenik, Garcianuñok asteazkenean utziko du bere postua, zortzi urteko ibilbidearen ondoren, eta bere jardunaren balantze ona egin du. Carolina Perez Toledok ordezkatuko du. EAEn lurralde mailako enpresa elkarte bat zuzenduko duen lehen emakumea da.