2018ak hazkunde ekonomikoa ekarriko du; bosgarren urtez jarraian, hazi egingo da Bizkaiko ekonomia. Hala azaldu du, gaur goizean, Cebek Bizkaiko enpresarien konfederazioak, %2,7 haziko dela bertako BPGa, eta horrek 8.000 lanpostu sortuko lituzke. Ekonomia berreskuratzen ari den seinale gisa eman ditu datu horiek Iñaki Garcinuño patronaleko presidenteak, baina agerraldi berean eskatu du soldatak igotzea eskatzen duen albiste eta adierazpen “demagogikoa amaitu” egin behar dela. Hala azaldu du, Bizkaiko 421 enpresariri egindako inkesta batean oinarrituta egindako datuak eskuan zituela: horren arabera galdekatutako enpresen %66k soldatak handitu dizkiete langileei; duela urtebete, berriz, enpresen %46k onartu zuten hala egin izana. “Datu horrek agerian uzten du enpresek euren hazkundea bermatzen denean soldatak handitzen dituztela”. Hazkunde horien %80, gainera, 2017ko KPIaren hazkundea baino handiagoak izan ziren, hau da, %1etik gorakoak. “Negoziazio kolektiborik ez egotea ez da arazo bat akordioak egiteko; datu horrek agerian uzten du horrela dela”. Inkesta horretan oinarrituta esan du Garcinuñok eztabaida alboratzeko, “gizarteari mezu txarra helarazten” zaiolako bestela.
Ekonomia
Cebekek uste du amaitu egin behar dela soldatak igo behar diren eztabaida
Bizkaiko 421 enpresariri egindako inkesta batean, patronalak dio lantegien %66an soldatak igo direla, eta horregatik uste du eztabaida “demagogikoa amaitu” behar dela. Dagoeneko igotzen ari direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu