Asko aldatzen dira gauzak urtebetean, galdetu bestela Jose Maria Vazquez Eguskitzari, Bizkaiko Cebek patronaleko presidenteari. «Ekonomiak ez du atzera egingo, motelago ibiliko da», esan zuen iaz. Haren aurreikuspenen arabera, 2010era arte %2,5eko hazkundea izan behar zuen urtero. Guztiz bestelako iragarpenak egin zituen atzo. «Aurten, ekonomiak %2,5eko atzeraldia izango du; datorren urtean, baliteke egoera samurtu eta motelaldia %1 ingurura iristea».
Ezkor agertu zen patronaleko burua. «Ez gara krisitik ateratzen ari, eta kimu berderik ere ez dut ikusten». Susperraldiaren zantzuren bat nabaritzeko, 2010aren amaiera bitartean itxaron beharko dela dio. «Finantza sektorea egonkortzen bada, eta kredituak dinamizatzen badira, egoera hobetzen hasiko da. Hala eta guztiz ere, urte zaila izango da».
Hazkundearen datuetan ez ezik, beste hainbat adierazletan ere tronpatu zen Vazquez Eguskitza joan den urtean. Herrialdeko enpresak eskulan premian zeudela ohartarazi zuen, eta behar hori gero eta larriagoa zela, batez ere industrian. Hala, bi neurri proposatu zituen. Alde batetik, lanbide heziketako ikastaroetan emakumeen parte-hartzea bultzatzea; eta bestetik, etorkinak sorterrian kontratatzeko neurriak hartzea. «Dena den, langile premia ez da erabat beteko bi bide horietatik. Jaiotza tasa handitzeko neurriak bultzatu beharra dago», zehaztu zuen.
Urtebete geroago, Eustatek emandako datuen arabera, ia 42.000 langabe daude herrialdean.Vazquez Eguzkitzaren arabera, gainera, gorantz jarraituko du kopuru horrek. «Enplegua erregulatzeko dosierretan dauden enpresek lana mantentzen duten ikusi beharko da, horren araberakoa izango da langabe kopurua».
Dosierren alde
Hain zuzen, dosierren erabilera defendatu zuen krisitik ateratzeko bide gisa. «Ez dira debalde ateratzen, eta ez dira negozioa ixteko ihesbidetzat erabiltzen». Haren esanetan, enpresaburuek ez dute kaleratzeak merkatzearen alde egin, baizik eta beste neurri batzuk hartu dituzte. Besteak beste, kostu beretan lan gehiago egitea izan da haien apustua, baita soldatak produktibitatearekin lotzea ere.
Egoerari aurre egiteko gizarte kotizazioak nahiz lan kostuak murriztu beharko liratekeela uste du patronaleko presidenteak. Ideia hori iaz ere bota zuen. «Hazkunde ekonomikoa sustatzeko eta herrialdearen ongizate maila hobetzeko tresna izan daiteke zerga sistema». Horrez gain, negoziazio kolektiboan aldaketak egitea beharrezko ikusten du.
Gaur egingo du urteko batzarra Cebekek, eta, okerrik ezean, Vazquez Eguskitza bera aukeratuko dute berriro ere presidente, beste hautagairik ez baita aurkeztu.
Cebeken aurreikuspenak, %2,5eko hazkundetik %2,5eko atzeraldira
Iaz langile faltaz ohartarazi bazuen ere, aurten langabeziak gorantz segituko duela uste du patronalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu