Bizkaiko enpresarien elkartearen (Cebek) arabera, lurraldeko ekonomiak «%7 eta %9» arteko atzerapausoa emango du koronabirusaren krisiarengatik, eta 2020. urtean 34.000 lanpostu galduko direla uste du. Kopuru handia da, kontuan hartuta 474.095 langile daudela Bizkaian Gizarte Segurantzan izena emanda. «Kolpetik» iritsi da beherakada, aurreikusi ezin zitekeen egoera baten ondorioz, eta horregatik espero dute 2021ean BPGa %5-6 artean igotzea. Era berean, enpresa gehienek —%78k, hain zuzen— uste dute urtebeteko epean aurreko egoerara itzuliko direla.
Iñaki Garcinuño Cebekeko presidenteak eta Francisco Javier Azpiazu elkarteko idazkariak 2020rako aurreikuspenen aurkezpenean eman dute euren iragarpenen berri. Kalkulu horiek elkarteko kideen artean eginiko inkesta batean oinarritzen dira. Nabarmendu dute azken hilabeteetan ekoizpena «asko» apaldu dela, Euskal Herriko eta Espainiako merkatuak «hondoratu» egin direlako, eta besteek ere, hobeto dabiltzan arren, ahulezia zantzuak dituztela. Dena den, ekainean jarria dute itxaropena, «kontsumoaren gorakadaren» bidez ekonomiak hobera egingo duelakoan.
Cebekek, dena den, garbi utzi nahi du langabezia kalkuluak tentu handiz hartu behar direla, ez baitituzte zenbatu aldi baterako espedienteetan dauden langileak. Enpresek haien inguruan hartzen dituzten erabakiak ikusi arte, zaila da kalkulua egitea. Dena den, enpresen %76k esan dute egungo langile kopurua mantentzeko asmoa dutela. Aldiz, %19k uste dute jaitsi egingo dela. Alde horretatik, enpresarien elkartearentzat komenigarria litzateke ezinbestean harturiko erregulazio espedienteen abantailak —Gizarte Segurantza estatuak ordaintzen du, besteak beste— abendura arte luzatzea: «Edo gutxienez irailera arte, baina behintzat aurretik jakin dadila noiz arte iraungo duten», zehaztu du Garcianuñok.
Bizkaian egun 87.617 pertsona daude erregulazio espedienteren batean, eta horietatik %84 ezinbestean harturikoak dira. EAEn antzekoa da batezbestekoa (%83), eta espedienteren batean dauden langileak, 185.127. Garcianuñok esan du ez duela uste lan erreforma aldatzeko garaia denik, eta berriz ere esan du kontratazio legedia «zurrunegia» dela, eta enpresek «zailtasun» asko dituztela jendea kontratatzeko. «Joaten direnean oroitzen gara enpresek duten garrantziarekin», ohartarazi du. Erreforma fiskalaren aurka ere agertu da, eta ez du uste enpresei zerga batzuk igotzeko ordua denik: «Egoera honetan ez, ez behintzat presio fiskala handitzeko bada. Erakunde publikoek, gainera, oraindik ez dakite krisi honek zer eragin zehatz izango duen sarrera eta gastuetan, eta zenbateraino zorpetu beharko duten».
Ekoizpenari eta salmentari dagokienez, enpresen epe motzeko aurreikuspena txarra da. %6k bakarrik uste dute aktibitatea hurrengo sei hilabeteetan suspertuko dela, eta, %48ren arabera, euren merkatuak atzeraka egiten ari dira. %66ren eskaeren egoera «ahula edo oso ahula» da, eta %61ek arazoak dituzte zorrak kobratzeko. Cebekeko ordezkariek autogintzaren sektorean jarri dute arreta, zeina «funtsezkoa» den Bizkaian, eta laguntza publikoek auto elektrikoak ekoizten dituzten enpresetatik harago iritsi beharko luketela nabarmendu dute. «Gaur egun, auto berria erostea elektriko bat erostea bezain jasangarria da. Gainera, auto elektrikoari asko kostatzen ari zaio errotzea». Lurraldeko enpresa askok diesel erregaia erabiltzen duten autoentzako osagaiak egiten dituzte.