Euskal Herrian negoziazio kolektiboak bizi duen egoerarekin kezkatuta dago Cebek, Bizkaiko enpresen patronala. Elkarteko presidenteak, Iñaki Garcinuñok, eta idazkari nagusiak, Francisco Javier Azpiazuk, agerraldia egin dute gaur Bilbon, egoera ekonomikoari buruz hitz egiteko.
Geroz eta euskal langile gehiagok Espainian hitzartutako lan baldintzak dituzte. Orain dela urtebete Confebask patronalak eta lau sindikatu nagusiek ituna sinatu dute itun probintzialei lehentasuna emateko, baina praktikan gutxi aldatu da egoera. Pasa den urteko azarora bitarte 94.000 langileren badintzak berritzeko hitzarmenak sinatu ziren. Erdiari Espainian negoziatutako itun baten baldintzak ezarri zitzaizkien.
Susperraldiaren erritmoarekin gustura agertu da Cebek, hala ere. Hala islatzen da herrialdeo 601 enpresari egindako inkesta batea. Soilik %13k uste dute egoerak okerrera egingo duela. Aldiz, %79k espero dute salmentei eustea edo handitzea, eta erdiak baino gehiagok (%52) soldatak hobetuko dituela adierazi dute. Laurden batek langile gehiago kontratatuko dituzte.
Ekonomiaren martxari buruzko aurreikuspenak ere publiko egin ditu patronalak. Bizkaiko barne produktu gordina %2,8 haziko dela kalkulatu du, eta, horri esker, 8.500 lanpostu garbi sortuko direla.Lanpostu kopurua iazkoaren parekoa litzateke, hazkundea bi hamarren txikiagoa izatea espero duen arren. Industria izango da hobekuntza horren "zutabea", baina urtearen bigarren erdian hazkunde erritmoa motelduko dela uste du patronalak, desagertuko direlako petrolio merkearen, euroaren merkatzearen eta inflazio apalaren efektuak.
Negoziazio kolektiboa ez da patronalaren kezka bakarra. Enpresen marjin geroz eta txikiagorkin, arazo demografikoekin edo eraikuntzaren eta zerbitzuen hazkunde erritmo motelarekin arduratuta daude, besteak beste.