Merkataritza

Cecobik dio aurten "historikoa" izan daitekeela hurbileko saltokien itxiera kopurua

Bizkaiko merkatarien konfederazioaren ustez, kontsumitzaileen erosketa ohitura berriek eta online merkataritzak "arrisku larrian" jarri dituzte saltoki ertain eta txikiak.

Bilboko Zazpi Kaleak. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irune Lasa.
2018ko irailaren 11
20:41
Entzun

Bizkaiko merkataritzak udan oro har izan dituen datu onak —urte arteko %0,6ko hazkundea salmentetan— ez dira saltoki ertain eta txikietara iritsi. Alderantziz, saltoki txikiek ekainean iazko epe berean baino %1,8 gutxiago saldu zuten. Eta joera hori ez da berria, Cecobi Bizkaiko merkataritza enpresarien konfederazioaren arabera; "otsailaz geroztik beherakada etengabea izan da".

Dendarien patronalaren ustez, "tokiko merkataritza laguntzeko neurririk hartzen ez bada, negozioen itxiera kopurua aurten historikoa izan daiteke", eta horrek "egoera korapilatsu eta etsigarrian" utziko lituzke enpresaburu, autonomo eta langileak.

Kontsumitzaileen erosketa ohitura berriak eta online salerosketak daude, patronalaren ustetan, saltoki txikien emaitza eskasen eta irauteko arrisku larriaren iturrian. "Berehalako neurriak" behar direla uste du Cecobik "hurbileko merkataritza salbatu nahi bada". 

Neurri horien artean egon beharko luke, besteak beste, merkealdi eta sustapenen politika ordenatu batek; saltoki ertain eta txikien arrakala digitala ere murriztu beharko litzateke eta sektorearen gaineko zerga sistema berrikusi, horrek, patronalaren ustez, "lehiakortasuna kentzen baitie saltoki txiki eta ertainei". Cecobik argi dauka: "Ekintza horiek lehentasun izan beharko lituzkete gobernu zentralak eta erkidegoetako eta tokiko administrazioek".

Horiez gainera, hiri barneko merkataritza "dinamizatzeko estrategiak" ere eskatu dizkie patronalak administrazioei. Cecobik beharrezko ikusten du, halaber, merkataritzako ETEn profesionalizaziorako estrategia bat, gabeziak dauden alorretarako formakuntza teorikoa eta praktikoa bilduko dituena. Adibidez, formakuntza hizkuntzetan, turista tokiko saltokietarako hurbiltzea errazteko xedez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.