Urtarrilaren 12rako lanuzteak deitu ditu Cegasako Langile Batzordeak. Egun horretan itzuliko dira konpainiako langileak Gabonetako oporretatik, eta, era berean, zuzendaritzak 240 langilerentzat aurkeztu duen enpleguaren erregulazio eskaera negoziatzeko epea bukatuko da.
Enpresako langileek bilera izan zuten atzo Gasteizen. Batzar horretan egoera aztertu, eta mobilizazioak gogortzea erabaki zuten. Hala, hainbat orduz lan egiteari utziko diote urtarrilaren 12an, goizez eta arratsaldez, egun horretan egingo diren protesta ekintzetan parte hartu ahal izateko.
Cegasak kontsumorako pilak Gasteizen ekoizteari utzi nahi dio. Hain zuzen ere, lantegian dituen 360 langileetatik bi herenak, 240, egotzi nahi ditu. 54 urte baino gehiago dituzten langileak erretiro aurreratua hartzea proposatu du, eta besteentzat, diruz lagundutako kaleratzeak. Langile batzordeak uko egin dio baldintzak negoziatzeari, enpresak aurkeztu dizkion emaitzak ez direla benetakoak uste baitu.
Manifestazioa Oñatin
Gaur bertan Cegasako beharginek manifestazioa egingo dute Oñatiko (Gipuzkoa) kaleetan, konpainiak beste lantoki bat duen herrian. Gainera, urtarrilaren 5ean elkarretaratzea egingo dute Gasteizko hiriguneko Andre Mari Zuriaren plazan.
Cegasako langileek lanuztera deitu dute urtarrilaren 12rako
Egun horretan amaitzen da erregulazio eskaera negoziatzeko enpresak eta sindikatuek irekia duten prozesua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu