Cegasako zuzendaritza eta langile batzordea astelehenean bilduko dira

2009ko urtarrilaren 9a
17:35
Entzun
Gasteizko Cegasako langileak eta zuzendaritza berriz ere bilduko dira lan ikuskatzaile baten presentziarekin. Bileraren xedea lan erregulazio espedientearen inguruan adostasunera iristea da. Espedientea zuzendaritzak eskatu zuen, baina langileak neurri horren aurka daude, "beharrezkoa ez" dela iritzita.

Langile batzordeak uste du zuzendaritzak hasieratik ez duela "behar bezala jokatu". Izan ere, horien aburuz, zuzendaritzak gaia "lehenagotik" jorratu behar zuen langile batzordearekin eta erregulazio espedientea ez zuen mahairatu behar. Gainera, langile batzordearen irudiko, enpresaren egoera objektiboaren berri zehatz-mehatz izateko zuzendaritzak "informazioa helarazi" behar die eta "2008ko kontuak ikuskatu" behar ditu. Langile batzordeak gai horiek jorratuko ditu zuzendaritzarekin astelehenean.

Horretaz gain, langile batzordeak jakinarazi duenez, urtarrilaren 12rako greba deialdia mantenduko du. Egun horretan, lan txanda bakoitzean lau orduko geldialdiak egiteko asmoa dute.

Cegasak proposatutako lan erregulazio espedienteak Gasteizko frabrikako 360 langileetatik 240 langileri eragingo die. Cegasaren asmoa kaleratze horiek negoziatzea da. Erretiro aurreratuak eta ordaindutako kaleratzeak proposatu nahi dizkiete 240 langile horiei. Planean sartzen diren langileei beste lan bat aurkitzen lagunduko die.

Cegasako Gasteizko fabrikan kontsumo pilak egiten dituzte, etxetresnetan erabili ohi diren pilak. Pilak ekoizteari utziko badio ere, ez dio pilak saltzeari utziko. Cegasak pilak ontziratzen eta paketatzen jarraituko du Gasteizko lantegian. Arlo horretako I+G+(b) ere mantenduko du.

Kontsumo pilak ez, baina pila industrialak egiten segituko du Oñatiko lantegian (Gipuzkoa). Pila industrialez gain, eskuargiak eta manganesoa egiten dituzte bertan. Cegasak mila langile baino gehiago ditu Euskal Herrian.

Enpresak lau lantegi eta hamabost adar ditu, eta bere produktuak munduko hirurogei herrialdetan baino gehiagotan saltzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.