Celsa Atlanticek bost eguneko epea zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiaren kontra helegitea jartzeko, eta epaia jakin ondorengo egunean dagoeneko iragarri du aurkeztu egingo duela. Asteartean auzitegiak arrazoia eman zien Laminaciones Arregui ohiko langileei, eta ebatzi zuen enpresak Arabako bi lantegiak ixteko eta 358 langile kaleratzeko erregulazio eskaera baliogabea dela.
Celsa Atlanticek atzo esan zuen epaia errespetatzen duela, baina ez dagoela horrekin ados. Enpresako abokatuek egoera ekonomiko txarra argudiatu zuten erregulazio eskaera babesteko, eta atzo Celsak ziurtatu zuen oraindik ere konpainiaren egoera «txarra» dela. Hori horrela, prest agertu da aurrerantzean ere «beharrezkoak» diren erabakiak hartzeko, betiere indarrean dagoen legedia errespetatuz.
Erregulazio espedientearen eskaerak grebarako eta askatasun sindikalerako eskubideak urratu zituela ondorioztatu dute epaileek. Maiatzaren 8an langileek mugagabeko greba hasi zuten, eta ondorengo egunean aurkeztu zuen dosierra enpresak. Erabaki hori egun horretan hartzea enpresaren «errepresalia» izan zela ebatzi du auzitegiak.
Epaia jakin ondoren pozarren agertu ziren atzo Gasteizko eta Urbinako lantegietako beharginak, itxaropentsu. Borroka, ordea, ez da oraindik amaitu haientzat: «Oraindik ez da arazoa konpondu». Lan gatazka amaitzeko irtenbidea elkarrizketa dela iritzi diote, eta «benetako negoziazio bat» hasteko eskatu diote zuzendaritzari. Gaur manifestazioa egingo dute Gasteizen, 19:00etan.
Kaleratuen epaiaren zain
Erregulazio dosierra baliogabetu arren, dagoeneko 178 langile bota ditu Celsak. Horiek banakako salaketak aurkeztu zituzten auzitegian, eta espedientearen inguruko ebazpena eman arte, ez aurrera ez atzera zeuden. Beraz, datozen egunetan horien inguruko erabakia jakingo da. Langileen aldekoa izatea espero dute, Gustavo Lopez de Armentia ELAko ordezkariak azaldu duenez. Kaleratutako 178 langileetatik 97 ELA sindikatuko afiliatuak zirela ere salatu zuen enpresa batzordeak; horietatik lau, langile batzordeko kideak. Horretan ere arrazoia eman die EAEko Justiziako Auzitegi Nagusiak, eta ondorioztatu du Celsak askatasun sindikala urratu duela.
Celsak helegitea jarriko du erregulazioa baliorik gabe utzi duen erabakiaren aurka
Zuzendaritza ez dago ados epaiarekin, eta «beharrezko» erabakiak hartzen jarraituko duela ziurtatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu