Itxaropena berriro piztu da Celsa Atlantic enpresako langileentzat. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman die, eta enpresak Arabako bi lantegiak ixteko eta 358 langile kalean uzteko aurkeztu zuen erregulazio eskaera baliogabea dela erabaki du. Ebazpena oso interesgarria dela uste dute sindikatuek, azken lan erreformak baimendu zituen zenbait praktikari muga jarri dizkietelako epaileek.
Epaia atzo eguerdian ezagutu zuten Laminaciones Arregui ohiko beharginek. Bost hilabete eta bi egun dira greba mugagabea hasi zutenetik, eta auzitegiaren erabakiak orain arte eraman duten bidearen balioa agerian utzi duela argi dute. «Geure borroka bidezkoa zela frogatu dugu, eta gaurko epaiaren bermea izango dugu orain», azaldu zuen Nando Anguiano Celsa Atlanticeko batzordeko buruak, arratsaldez egindako premiazko agerraldi publikoan.
Auzitegi Nagusiko lan arloko aretoaren esku zegoen auzia. Garbiñe Biurrun, Florentino Eguaras eta Jose Luis Asenjo epaileek sinatu dute ebazpena. Enpresak egin nahi zuen kaleratze kolektiboa baliogabetzat jo dute, grebarako nahiz askatasun sindikalerako eskubideak urratu dituelako. Konpainiak bost egun ditu erabakiaren aurkako helegitea aurkezteko.
Araban dituen bi lantegiak—Gasteizen eta Urbinan — itxi eta 358 langile botatzeko asmoa iragarri zuen Celsa Atlanticek joan den maiatzaren 9an. Egun bat lehenago sindikatuek greba mugagabea abiatu zuten. Enpleguaren erregulazio eskaera baliatuz, 178 behargin kaleratuak zituen ordurako enpresak. Erabakia auzitara eraman zuten langileen batzordeak eta ELA sindikatuak. Saioa joan den irailaren 18an egin zen, Bilbon.
Langile guztiak kaleratzeko erabakia enpresaren «errepresalia» izan zela ondorioztatu dute epaileek, greba egunaren biharamunean hartu zelako. Hasiera batean erregulazio eskaera 91 langile botatzeko egin nahi zuela jakinarazi zuen enpresak, baina ondoren iritzia aldatu, eta langile guztiak botatzea erabaki zuen. Epaileek ohartarazi dute enpresaren egoera ez zela aldatu bi erabakien artean, eta ontzat jo dute ezberdintasun bakarra greba abiatzeko erabakia izan zela.
Enpresako abokatuek egoera ekonomiko txarra argudiatu zuten erregulazio eskaera babesteko. Hain zuzen ere, 2009. eta 2010. urteen artean 256 milioi euro galdu zituztela adierazi zuten. Arrazoi ekonomikoak ez direla aski dio epaiak, ordea. «Enpresak egoera ekonomiko zaila duela frogatu du, baina hartutako erabaki gogorraren adinako beharra zegoenik ez du frogatu». Aldiz, lanuzte mugagabea martxan jartzeko erabakiaren eta kaleratze kolektiboaren arteko «lotura zuzena eta berehalakoa» badago, epaileen irudiko.
Askatasun sindikala urratutzat jo du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, halaber. Celsa Atlanticek orain arte 178 langile bota ditu, eta horietatik 97 (%54,5) ELA sindikatuko afiliatuak dira. Kopuru «esanguratsua» dela dio auzitegiak, eta uste du ezin dela arrazoi produktiboetan oinarritu. «Kaleratze horiek enpresaren ohiko produkzioari kalte egiten diote, eta enpresak beste atal batzuetako langileak mugitu ditu lanpostu horiek betetzeko».
Langileek argi dute ebazpenarekin gatazka ez dela amaitu. Hori dela eta, «benetako» negoziazioa abiatzeko eskatu dio langile batzordeak enpresari. «Batzorde honek elkarrizketa eta negoziazio proposamenari eutsiko dio», Anguianoren hitzetan. Bihar 19:00etarako antolatua duten manifestazioari eutsiko diote, «albiste onarekin gozatzeko».
Celsari langile guztiak kaleratzeko asmoa atzera bota dio justiziak
Araban bi lantegi ixteko eskaerak grebarako eta askatasun sindikalerako eskubideak urratu zituela ondorioztatu dute epaileekEnpresarekin «benetako negoziazioa» ireki nahi du orain langileen batzordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu