Diru sarrerarik ez duten 10.000 familiak baino diru gehiago jasoko dute aurten CCOOk, UGTk eta CEN enpresaburuen elkargoak. LAB sindikatuaren arabera, hiru erakundeok 16,7 milioi euro jasoko dituzte aurten aurrekontuetatik; diru sarrerarik gabeko 10.000 sendik, berriz, 15 milioi. Alderatze gehiago egin ditu LABek. Adibidez, euskararekin lotutako diru laguntzak kudeatzen dituen Euskarabidea institutuak aurten 1,3 milioi euro jasoko ditu; Berdintasunerako Nafarroako Institutuak 1,7 milioi euro; Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak 4,9 milioi euro eta Emakumearen Arretarako Institutuak 5,9 milioi euro. Guztiek batera ez dute CCOOk, UGTk eta CENek adina jasoko.
LABen salaketa harago doa. Expe Iriarteren arabera, Nafarroako Gobernua zerbitzu publiko batzuk pribatizatzen ari da «CCOO eta UGTren mesedetan».Adibidez, hiru erakundeek lan arriskuen prebentziorako programetatik jasoko duten dirua atal horretarako gobernuak berez duen aurrekontu sailaren halako 3,6 da. Halaber, berdintasunaren eta emakumezkoen enplegu atalean patronalak eta bi sindikatuek 760.000 euro jasoko dituzte; aldiz, Gobernuaren Aukeren Berdintasuna Sustatzeko Zerbitzuak 75.000 baino ez ditu jasoko, LABen arabera.
Etorkinen arloan «burugabekeria harago» doala salatu du LABek, «zerbitzu horri dagokion kudeaketa osoa UGT eta CCOOren esku utziko duelako UPNk». LABek bereziki CCOO eta UGT salatu ditu, «gestore pribatu» bihurtzea «langileriaren interesen defentsarekin bateraezina» delako.
LABen arabera, sindikatuon jarrera estu lotuta dago langabeziaren datuekin. 1999tik hona, Nafarroako Gobernuak, CCOOk, UGTk eta CENek lau enplegu plan hitzartu dituzte, eta gobernuak 1.430 milioi euro inbertitu ditu guztira. Aurreko planak, kasu, langabezia tasa %5etik behera jaistea zuen xede, baina gaur egun 43.278 langabe daude eta tasa %14koa da. LABen aburuz, «izugarrizko eskandalua da»emaitzarik izan ez duten enplegu politiketan hainbeste diru xahutzea. «Enplegu politikan 180 graduko aldaketa premiazkoa da», ohartarazi du.
CENek, CCOOk eta UGTk 17 milioi euro jasoko dituzte
Nafarroako Gobernua, «CCOOren eta UGTren mesedetan», zerbitzu publikoa pribatizatzen ari dela salatu du LABek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu