CEOE, gobernuari begira

Lan erreforma egiteko eskatu dio patronalak Espainiako Gobernuari, sindikatuekin ez baitu akordiorik lortu

jakes goikoetxea
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako enpresaburuak espero edo nahi zuten lekuan daude: Espainiako Gobernuak egin beharko du lan erreforma. CEOE eta CEPYME patronalen eta UGT eta CCOO sindikatuen negoziazioak ez dira amaitu, baina bi aldeek agerian utzi dute akordioa ia ezinezkoa dela. Espainiako Gobernuak astea amaitu arteko epea eman die akordioa lortzeko, baina bi jarreren arteko tartea handiegia da bi edo hiru egunetan konpontzeko.

Arturo Fernandez CEOEko lehen presidenteordeak, zuzenean, negoziazioak hautsita daudela esan du, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio lan erreforma egin dezala. Fernandez ezaguna da enpresaburuen iritzia argi eta garbi azaltzen duelako. Atzo, badaezpada, Fernandezek CEOEren eskaerak gogorarazi zituen: kontratu mugagabe bakarra; kaleratze bidegabeengatik 20 laneguneko kalte-ordainekoa, gehienez urtebetez; eta 2012an eta 2013an soldatak izoztea.

Fatima Bañez Enplegu ministroaren esanetan, patronalak eta sindikatuek oraindik denbora dute «oraindik falta zaiena hitzartzeko». Hitzartzeko falta diren gaietan dago, hain zuzen, lan erreformaren mamia: soldaten igoera, kontratu motak, kaleratzeen kalte-ordainak, aldi baterako lan enpresen parte-hartzea, langileen kapitalizazio funtsa, langileen prestakuntza, negoziazio kolektiboaren erreforma...

Orain arte gai txikiagoetan lortu dituzte akordioak: erretiro aurreratuak babestea, jaiegunak astelehenetara pasatzea, absentismoari aurre egiteko neurriak...

Eta nolako lan erreforma nahi du Espainiako Gobernuak? Oposizio garaian esandakoen eta aurkeztutako proposamenen arabera, enpresetako barne malgutasuna handituko duena; kontratuak sinplifikatu eta kaleratzeak merkatuko dituena; eta enpresei hitzartutako lan hitzarmenak bertan behera uztea erraztuko diena.

Jose Manuel Soria Industria ministroak atzo zehaztu zuen txikitu egin nahi dutela aldi baterako kontratuen eta kontratu mugagabeen baldintzen arteko aldea. «Orain arte errazagoa izan da langileak kaleratzea kontratatzea baino, eta hori aldatu egin behar da malgutasun gehiagorekin», esan zuen.

CEOEk Europako Batzordearen laguntza izango du Espainiako Gobernua presionatzeko. Atzo bertan Olli Rehn Gai Ekonomikoetarako komisarioak esan zion lan erreforma dela «lehentasun nagusia». Erreformak izan behar dituen bi ezaugarri aipatu zituen Rehnek: «Langileen mugikortasuna handitzea eta soldaten malgutasuna giltzarri dira jendeak berriro lan egiteko eta produktibitatea handitzeko».

CEOEk eta sindikatuek Espainiako Gobernuari gogorarazi diote beren esparrua dela negoziazio kolektiboari dagozkion gaiak hitzartzea. Hala ere, horretan ere akordiorik lortzen ez badute, CEOEk Espainiako Gobernuaren babesa izango du, bai bata zein bestea Estatuko eta enpresetako hitzarmenen aldekoak baitira.

CiUren eta UPNren babesa

Espainiako Gobernuak, atzo, Kongresuan, ez zuen akordiorik behar defizit publikoaren kontrako premiazko neurriak onartzeko. Funtsean, bi urtean herritarrei zergak igotzea (PFEZ %0,75 eta %7 artean), funtzionarioei soldatak izoztea eta lanaldia luzatzea, mendekotasun legearen onuradun berriei laguntzak atzeratzea, gasolio profesionalari beherapenak kentzea eta gastua 8.900 milioi eurotan murriztea.

Dekretuak aldeko 197 boto jaso zituen, PPrenak, CiUrenak eta UPNrenak; lau abstentzio; eta kontrako 138 boto, tartean Amaiurrenak, EAJrenak eta Geroa Bairena.

Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak bat egiteko eskatu zien Euskal Herriko alderdiei eta Espainiako ezkerreko alderdiei, «murrizketen erasoari aurre egiteko eta eredu ezberdin bat aurkitzeko».

Pedro Azpiazu EAJren bozeramaileak PPri aitortu zion PFEZa igotzea «ausarta» dela, baina ohartarazi zion neurriak atzeraldia eragingo duela eta langabeen kopurua bost milioitik pasako dela. «Iruzur egitea da pentsioak %1 igotzea, pentsiodunek ez baitute berreskuratuko galdutako eros-ahalmena, eta zerga igoerak ere eragingo baitie», salatu zuen Azpiazuk.

CiU ohiko makulua izan zen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiarentzat, murrizketak eta erreformak onartzeko. Legegintzaldi berrian PPren bidaide izango da, PPk neurriak onartzeko CiUren babesa behar ez duen arren. CiUk zerga igoeraren eta bestelako neurrien alde egin zuen atzoko bozketan, «koherentziagatik eta zorroztasun ekonomikoagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.