CEOE kritikatu eta gizarte elkarrizketa itxi du Zapaterok

Inolako ordainik gabe geratu diren langabeei beste sei hilabetez 420 euroko laguntza emango die Espainiako Gobernuak

Erredakzioa
Gasteiz
2009ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Azken uneko aldaketarik ezean, akordiorik gabe amaituko da Espainiako sindikatu nagusien eta patronalaren arteko gizarte elkarrizketa. Eta haustura horren errudun bat du, Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapateroren ustez, bederen. CEOE patronalaren jokabidea «etsigarria» izan dela salatu du Zapaterok, eta enpresaburuen ordezkariek bidalitako azken eskaintzak akordiorako «borondate eskasa» agerian utzi duela uste du.

Zapaterok bere iritzia plazaratu eta ordu gutxira azken bilera bat egin zuten patronalak eta sindikatuek, gobernuarekin batera. Batzarrean ere ez zen jarrera aldaketarik egon, eta Celestino Corbacho Lan ministroak berak elkarrizketa prozesua akordiorik gabe amaituko dela baieztatu zuen.

Espainiako Ministro Kontseiluak Palman egindako bileraren ostean hitza hartu zuen presidenteak. Agerraldi horretan gizarte elkarrizketaren bidea ia agortutzat jotzeaz gain, gobernutik hartuko diren neurriak aurreratu zituen. Lehenbizikoa abuztuaren 13an onartuko da, lege-dekretu baten bidez, eta ordainsaririk gabe geratu diren langabeentzat izango da. Hain zuzen ere, 420 euroko ordaina jaso ahalko dute egoera horretan dauden pertsonek, sei hilabeterako.

Gizarte elkarrizketa hasi zenean, gobernuak ez zuela aldebakarreko neurririk hartuko agindu zien Zapaterok sindikatuei eta enpresaburuei. Orain iritzia aldatu izana defendatu zuen, gainera. «Akordiorik egon den edo ez alde batera utzita, langabeek laguntza behar dute».

Aurrera begira ekimen gehiago martxan jarriko dituztela iragarri du gobernuak, gainera. Hain zuzen ere, 35 urte baino gutxiago dituzten langabeei «propio» zuzendutako neurriak izango direla aurreratu zuen presidenteak, xehetasun gehiagorik eman gabe.

Eskaera «onartezinak»

CEOEtik egindako proposamenak «onartezinak» dira, Zapateroren irudiko. Esaterako, enpresek Gizarte Segurantzari ordaintzen dizkioten kuotak bost puntu jaistea galdegin du patronalak. Gobernuak, aldiz, moldaketa horren kostea 15.300 milioi eurokoa litzatekeela erantzun du, hiru hilabetez pentsioak ordaintzeko erabiltzen den dirua bezainbeste.

Baina Gizarte Segurantzaren oreka zalantzan jartzea ez ezik, langileen eskubideak suntsitu nahi izatea egotzi zien enpresaburuei. Kaleratzeen eta enplegu erregulazio kasuetan epaileen baimenik behar ez izatea eskatu dute, Zapateroren arabera. «Ez du ezertarako balio langileek eskubideak galtzea nahi izatea».

Espainiako Gobernuak akordio proposamen «orekatua» egin duela defendatu zuen Zapaterok, eta CCOO eta UGT sindikatuak «irmo, baina arrazoizko» egon direla nabarmendu zuen. Patronalari, aldiz, akordioa ez bilatzea leporatu zion. «Elkarrizketarako proposamena ez da izan, elkarrizketaren amaierarako baizik».

CEOE, akusazioen aurka

Patronalak ukatu zuen langileek dituzten babes juridikoak ezabatu nahi duenik. «CEOEk ez du inoiz langileen eskubideak aldatzeko proposatu». Aldiz, euren neurrien helburua enplegua sortzeko lan merkatua «dinamizatzea» zela adierazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.