CEOEk harremanak hautsi ditu Lan Ministerioarekin, «traizioa» egotzita

Patronalak uste du ministerioak «bitartekari fidagarria» izateari utzi diola. Lan Ikuskaritzak iritzia eman beharko du kaleratze kolektiboen inguruan

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa eta Antonio Garamendi CEOEko presidentea. J.J. GUILLEN / EFE.
inaut matauko rada
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Zaila da CEOE Espainiako patronalaren eta Lan Ministerioaren arteko harremana, eta Espainiako Gobernuko alderdiek asteartean Madrilen EH Bildurekin adostutako neurriak bien arteko soka moztea eragin du. Asteartean, EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemosek tramitazio prozesuan dagoen Lanaren Legeari erdibideko zuzenketa bat egitea onartu zuten. Hala, legea onartuz gero, Lan Ikuskaritzak derrigorrez ebatzi beharko du enplegua erregulatzeko espedienteak baimentzeko baldintzak dauden ala ez. CEOE eta Cepyme patronalen ustez, neurri hori abenduko lan erreforman onartutakoaren aurkakoa da, eta Lan Ministerioarekin zeuzkaten harremanak hautsi dituzte, atzo atera zuten agiri baten arabera.

CEOE eta Cepymerentzat, lan erreformari «traizio» egin diote gobernuko alderdiek neurri horrekin: «Espainiako enpresariok uste dugu Lan Ministerioak onartutako erdibideko zuzenketak traizio egiten diola lan erreforman lortutako akordioari, eta ministerioaren jarduteko erak negoziatzeko fede ona haustea ekarri du. Fede horrek akordioak errespetatzera eta defendatzera behartzen ditu bi aldeak, eta ministerioaren jarrerak baliogabetu egiten du hura bitartekari fidagarri gisa». Patronalen arabera, hiru alderdiek adostu duten neurriak Espainiako Konstituzioaren aurka egiten du, baita enpresa askatasunaren kontra ere.

Ikuskaritza, begirale

Espainiako Parlamentuan onartu berri duten zuzenketarekin, Lan Ikuskaritza behartuta egongo da enplegua erregulatzeko espedienteen arrazoien inguruko ebazpena egitera, eta, erregulazio espedienteak eskatzen diren bakoitzean, derrigorrez ikusi beharko du horiek onartzeko baldintzak betetzen diren ala ez. EH Bilduk adierazi duenez, neurri horrek indartu egiten du Lan Ikuskaritzak legedian duen rola.

Koalizio abertzalearen arabera, PP buru zuen gobernuak erregulazio espedienteen tramiteetatik kanpo utzi zuen Lan Ikuskaritza 2012an, «kaleratze kolektiboak errazteko». Langileak babesteko neurri bat dela goratu du EH Bilduk. CGT sindikatuak adierazi du oraindik ez dela lortuko kaleratze kolektiboak gelditzeko 2011n zegoen ahalmena berreskuratzea.

2015eko Langileen Estatutuko 51. artikuluko 2. atala moldatu dute zuzenketarekin. Aldaketaren aurretik ere Lan Ikuskaritzak txosten bat egin behar zuen, baina orain kaleratze kolektiboaren arrazoien inguruan iritzia eman beharko du: «Ikuskaritzaren txostenak, komunikazioaren muturrak eta kontsulta garaiaren bilakaera begiratzeaz gain, iritzia eman beharko du enpresak hasierako komunikazioan zehaztutako motiboen konkurrentziaren inguruan, eta enpresak aurkeztutako dokumentazioa eskatzen denarekin bat datorren egiaztatu beharko du», dio Langileen Estatutuak moldaketaren ostean .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.