Pilak ekoizteari utzi dio Cegasak Araban, BHko bizikletak egiten zituen lantokiak ere desagertzeko arrisku bizia du, eta orain herrialdeko beste enpresa historiko bat, Ceplastik, likidatzeko zorian dagoela jakinarazi zuten atzo langileen ordezkariek.
Explosivos Rio Tintoren eta Ercrosen ondorengoa da egungo Ceplastik. 40 urte baino gehiagoz egon da Jundizko industrialdean. Material plastikoak ekoitzi izan ditu, batez ere eraikuntzarako. Gaur egun, 119 langile ditu, eta joan den urteko azarotik Lehiaketa Legearen kontrolpean dago. Orain, administratzaileek enpresa behin betiko itxi eta langile guztiak kaleratzeko enplegu erregulazio eskaera egin dute.
Erregulazioari buruzko negoziazioak akordiorik gabe amaitu ziren. Orain, azken hitza, Merkataritza arloko auzitegiak izango du, Lan Ordezkaritzaren, administratzaileen eta batzordearen ekarpenak entzun ondoren. Sindikatuak ezkorrak dira, eta enpresa kinka larrian dagoela nabarmendu dute. «Langileek ahalegin handia egin dute, eta urteko soldataren erdia ez dute kobratu. Baldintza oso txarretan aritu dira lanean, eta orain jakin dute abenduko nomina, ordain estra eta azken kitatzea ez zaiela emango».
Urtarrilera arte epaitegiek erabaki bat hartzea ez dute espero. Edonola ere, mobilizazioak gaur hasiko dituzte. 09:30etik 12:30 arte lantokiaren aurrean elkarretaratzea egingo dute. Abenduaren 9an, berriz, Bilbon bilduko dira langileak protesta egiteko. Azkenik, manifestazio batera deitu dute abenduaren 10erako, Gasteizko hirigunean.
Kudeaketarekin haserre
Nafarroan, Azkoyen taldeak ere 50 langile kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztu du. Azkoyen Industrial taldeko langileei eragingo die, baina Azkoyen Medios de Pagon eta Azkoyen SA-n ere beste hemeretzi langile kalera ditzakeela ohartarazi du zuzendaritzak.
Langile batzordeen arabera, «kudeaketapenagarriak» sortu du egoera. 55 milioi euroko zorra du gaur egun taldeak. Alabaina, langileek azaldu dute zuzendaritzako bederatzi kideen artean bi milioi euro pasa banatu zirela iaz. Horrez gain, aurreko zuzendari nagusiak kaleratu zutenean, 450.000 euroko kalte-ordaina eman ziotela adierazi dute, «bost urtean egindako kudeaketa txarragatik».
Ceplastik: Arabako beste enpresa historiko bat hilzorian dago
Lantokia behin betiko likidatzeko eta 119 langile kalean uzteko gertu dagoela salatu dute sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu