Ostegunean eta ostiralean Europako Kontseilua bilduko da. Gobernuburuen bilera horretan helduko diote berriro auziari, eta hor saiatuko dira irtenbide bat bilatzen. Epemuga hori jarri dute. Akordiorik ez bada lortzen, ez dute aurrera egingo heldu den asterako aurreikusita zegoen sinadura ekitaldi ofizialarekin. Cecilia Malmstrom Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa "baikorra" da Valoniaren ezezkoari buelta emateko aukerari buruz.
Luxenburgon bildu da gaur Europako Batasuneko Atzerri gaietarako Kontseilua. CETA merkataritza akordioaren tramitazioarekin aurrera egitea edo ez erabaki behar zuten ministroek. Baldintzatuta zetorren bilkura, pasa den astean ituna errefusatzea erabaki baitzuen Valonia eskualdeko parlamentuak. Belgikak eskualdeko parlamentuen oniritzia behar du merkataritza akordio bat sinatzeko baimena eman baino lehen, eta beste herrialdeei jakinarazi die artean ez duela lortu. Akordio mistoa da CETA. Europako erakundeen babesa ez ezik, herrialdeetako 38 parlamenturen oniritzia behar du osorik indarrean sartzeko, hainbat herrialdetan eskualdetako ganberek eskumenak dituztelako merkataritzan edo nazioarteko akordioetan.
Beste herrialde batzuk zituzten zalantzak eta mesfidantzak uxatzeko asmoz, Europako Batzordea lantzen aritu da itunari atxikiko zaion deklarazio bat. Agiri horrek ez du akordioaren testua aldatuko, baina balio juridiko loteslea izango du, eta hainbat esparruren interpretazioa argituko du. Belgika, Alemania, Luxenburgo, Austria eta Herbehereekin elkarlanean landu dute idazkia Bruselako merkataritza arduradunek. Halako bide bat bilatzen ari da batzordea Valoniarekin dagoen gatazka bideratzeko, baina ohartarazi du testua bera ez dela zuzenduko.
Akordioa ez sinatzeak ondorioak izango dituela ohartarazi du Cecilia Malmstrom batzordeko Merkataritza Komisarioak, batzarrera sartu aurretik. “Ez baldin bagara Kanadarekin sinatzeko gai, munduko beste herrialdeek galdetuko dute ea bazkide fidagarria den Europa, eta ondorioak izango ditu horrek geure politika komertzialean”.
CETAren negoziazio prozesuari amaiera emateko eta ituna bera sinatzeko aurreikusita zegoen bide orria hankaz gora jarri du erabakiak. Ostegunean eta ostiralean egingo den Europako Kontseiluan gobernuburuen oniritzia lortuta eta Europako Parlamentuaren galbahea igarota, urriaren 27an akordioa sinatzeko asmoa zuten, Kanadarekin egingo den goi bileran. Akordiorik ezean, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa ez da etorriko Europara.
Bi urtez esperoan
2007. urtean hasi ziren Europako Batasuna eta Kanada itun komertzial baten aukera aztertzen. Bi urte geroago negoziazio ofizialak martxan jarri zituzten, eta 2014. urteko udan negoziatzaileek jakinarazi zuten akordioa itxita zegoela. Bi urte pasa dira, eta udan erabaki zuen Bruselak ituna berresteko tramitazioarekin aurrera egitea. Brexit erreferendumaren emaitza ezagutu eta gutxira eman zuen Europako Batzordeak horren berri, bere egitekoetan aurrera egingo zuen seinale gisa.
Produktuek ordaintzen dituzten muga-zergak ia erabat kentzeaz gain, itunak bestelako helburuak ditu. Esaterako, zerbitzuen sektora liberalizatuko du eta eskaintza publikoetan parte-hartzeko aukera irekiko zaie bi aldeetako enpresei, eta elkarri aitortuko dizkiote langileen kualifikazio profesionalak. Arrantza, nekazaritza, jabetza eskubideak, inbertitzaileen babesa, eta, lehen aldiz halako agiri batean, garapen jasangarria lantzen ditu CETAk.
AEBekin negoziatzen ari den TTIP akordioak baino zalaparta gutxiago piztu du Kanadarekin egindako akordioak. Haatik, merkataritza liberalizatzeko itunen aurkako jarreren gorakadak oposizioa handitu du azken hilabeteotan. Austriako Gobernuak CETA blokeatzeko keinua egin zuen, edukiei argitasuna falta zitzaiela argudiatuta, baina azkenean atzera egin, eta prest agertu da itunari baiezkoa emateko. Bulgariak eta Errumaniak ere trabak jarri dituzte, kasu horretan Kanadarekin herritarren bisei buruz duten ezadostasunen harira. Ituna blokeatzeko egin zitzaizkion eskaerak errefusatu zituen Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak, baina hainbat baldintza ezarri zituen akordioaren edukia behin behinean indarrean jarri nahi izanez gero.
CETA da Europako Batzordearen saiorik handiena merkataritza liberalizatzeko, eta lehena da munduko ekonomia handienetako batekin. EBko 12. Bazkide komertzial handiena da Kanada, eta batasuna da Kanadan dagoen bigarren inbertitzaile handiena, 225.000 milioi eurorekin. Urtero 90.000 milioi euro inguru trukatzen dituzte bi aldeek, ondasunak eta zerbitzuak kontuan jartuta. Kopuru hori laurden bat handitzeko aukera emango luke akordioak, batzordearen arabera. Akordioaren bidez EBko produktuei ezarritako muga-sarien %99 desagertuko direla aurreratu du Bruselak, eta horri esker 500 milioi euro aurreztuko dituzte ekoizleek.
TTIPerako "inspirazioa"
Produktu eta zerbitzu trukea erraztu ez ezik, akordioak lege esparru berri bat eratuko du araudietan, lehiaketa publikoetan edo inbertitzaileen eskubideetan. Europako Batzordeak berak esan du ituna "mugarria" dela, eta "inspirazioa" izan dela AEBekin TTIP akordioa negoziatzeko. Emaitza ia 1.600 orrialde dituen akordio proposamena da, hamahiru ataletan eta hainbat eranskinetan banatuta.
Itunaren aurkakoek zalantzan jarri dituzte onura horiek, eta ekonomista kritikoek egindako azterketa baten arabera, 230.000 lanpostu galtzea eragingo luke, horietatik 200.000 Europako Batasunean. Enplegu, ingurumen, eta osasun alorretan dauden babesak urritzeko arriskuaz ohartarazi dute, Europako Batzordeak behin eta berriz ukatu duen egoera. Era berean, zerbitzu publikoen pribatizazioan eta kalitatean ondorioak izango dituela ziurtatu dute. Azkenik, uste dute akordoa izan daitekeela AEBetako konpainiek Europako administrazioen erabakien aurka jotzeko “atzeko atea”, inbertitzaileen eta estatuen arteko gatazkak epaitzeko ardura izango duen auzitegi pribatuen sistema baliatuta.
Kanadako Gobernua kezkatuta dago honezkero adostuta dagoen akordio baten berrespenak pilatu duen atzerapenarekin. Justin Trudeau lehen ministroak kargu hartu die Europako agintariei. “Europa ez bada gai akordio aurrerakoi bat sinatzeko Kanada bezalako herrialde batekin, norekin uste du egin ditzakeela negozioak datozen urteetan?”. CETArekin porrot egiteak auzitan jarriko luke AEBarekin negoziatzen ari den TTIP. Era berean, ohar argia da Erresuma Batua batasunetik at ateratzeko prozesuak izango dituen zailtasunei buruz.